Joan den barixakuan San Agustin kulturgunean egin zuten bertso saioak hasi zituen 2017ko Motxaila Eguneko ekitaldiak. Zerua motxailen aterpe izenburupean, Unai Iturriaga, Julio Soto, Alaia Martin eta Jone Uria arituko ziren bertsotan, Iñigo Zubiaurre Beitxi mendaroarrak jarri zizkien gaiei erantzunez.
Zapatuan, berriz, negu giroa izan zuten udaberriaren etorrera ospatzeko. Euripean egin zuten Aitzbeltz kobazulora arte dagoen bidea. Lokatzez beteta zegoen gainera eta antolatzaileek Iñigo Bastidari eskerrak eman nahi dizkiote bidea errazteko sokak jarri zituelako. Antolatzaileen esanetan, batzuk besteek baino gehiago eskertu zituzten sokak, bidea zapatilekin egin zuen neska japoniar batek, esaterako. Berrogei lagun inguru batu ziren Aitzbeltzen eta zuzeneko musika, poesia errezitaldia eta Bilboko Arto Artean kolektibokoek eskainitako antzerki saioa egin zituzten.
• Marina Julien, Urteko Motxaila
Leizetik bueltan, bustita eta lokatzez zikinduta iritsi ziren arren, festarako gogoekin jarraitzen zuten. Herri bazkaria egin zuten lehenik 60 bat lagunek Mendaroko Gaztetxean, eta bazkalostean, Urteko Motxaila izendapena eskaini zioten Marina Julieni. Frantziako Alpeetako herri batekoa da sortzez, baina Donostian bizi da. “Urtero etortzen da, hutsik egin gabe, Motxaila Egunera eta poesia errezitaldia eskaintzen digu Aitz Beltzen. Merezitakoa du Urteko Motxaila izendapena”, azaldu dute. Azken urteetan Mendaroko basoetan hazi den urritz makila “zuzenena” oparitu zioten. Gero, zuzeneko musika emanaldia eskaini zuen Dardarakustik bikoak, eta Inozentzio pailazoak bere programa politikoaren berri eman zien Gaztetxean batutakoei. (Youtubeko Motxaila Info kanalean igo dituzte Motxaila Eguneko ekitaldien bideoak)
Jaia, baina ez zen hor amaitu. Arratsaldean poteoan irten ziren Zarauzko Agosti eta Barrena trikitilarien laguntzaz. 19:00etan hasi eta gauerdira arte iraun zuen bost orduko trikimaratoiak. Dantzan amaitu zuten eguna, Erokomeri taldeak eskainitako erromerian.
- Motxaila Egunari buruzko informazio osoagoa: BARREN aldizkarian, 729. zenbakiko erreportajean - PDF