Zabalik da Elgoibarko danborradarako kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea

Barren.eus 2017ko mar. 28a, 18:07

Ekainaren 10ean egingo da aurten nagusien danborrada Trinitate jaien barruan, eta Atabal elkarteak danborrada iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du, beste behin ere. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 5a izango da.

 2017ko nagusien danborradako kartela aukeratzeko lehiaketan 18 urtetik gorako edozeinek har dezakeela parte jakinarazi dute antolatzaileek, Elgoibarko Danborrada Atabal Elkarteak. Lanak Elgoibarko Kultur Etxean aurkeztu beharko dira, 2017ko maiatzaren 5erako (eguerdiko 13:00ak baino lehen).
Iaz, Aitziber Dominguezek aurkeztutako lan batek irabazi zuen danborrada iragartzeko kartel lehiaketa (goiko argazkian). Iaz egun argiz egin zuten estreinakoz nagusien danborrada, 19:00etan. Aurten, aldiz, 23:00etan hasiko da.

Danborradarako kartel lehiaketako irabazleak, urtez urte:


Hona hemen, lehiaketaren oinarriak:

  • LEHENA.- Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte.
  • BIGARRENA.- Teknika librea izango da (argazkia, pintura, marrazkia, collagea, e.a.). Lanak euskarri gogorrean aurkeztuko dira.
  • HIRUGARRENA.-Lanaren neurria honako hau izango da: A 2 edo proportzionala.
  • LAUGARRENA.- Ezinbestekoa izango da ondorengo testua agertzea: ELGOIBARKO 2017KO DANBORRADA Ekainaren 10ean 23:00etan.
  • BOSGARRENA.- Saria Hirurehun Eurokoa (300 €) izango da.  
  • SEIGARRENA.- Lanak Kultur Etxean aurkeztu beharko dira, 2017ko Maiatzaren 5a, 13:00ak baino lehen.
  • ZAZPIGARRENA.- Lanak egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira eta atzeko aldean “leloa” eraman beharko dute. Honekin batera, kartazal itxi batean partehartzailearen datu pertsonalak eta NANaren fotokopia bidaliko dira, eta kartazalaren gainean lanaren “leloa” jarriko da.
  • ZORTZIGARRENA.- Saritu gabeko lanak epaimahaiaren erabakia jakinarazi ondoren jaso ahal izango dira. Horretarako, Hogeita Hamar (30) Eguneko epea izango da. Aipatutako epean lanak jaso ezean, egileak galdutzat eman dituela pentsatuko du “Danborrada Atabal Elkarteak“;   eta ondorioz, egileari inolako eskubiderik aitortu eta ordainik eman gabe, egoki irizten dion moduan erabiliko ditu.
  • BEDERATZIGARRENA.- Saritutako lana “Danborrada Atabal Elkartearen“ esku geldituko da. Halaber, inprimatzeko, argitaratzeko, ezagutarazteko eta gainontzeko eskubide guztiak “Danborrada Atabal Elkarteak“ berak izango ditu.
  • HAMARGARRENA.- Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da. Erabakia hartuko den egun berean jakingo da epaimahaia nork osatuko duen. Epaimahaiak argituko ditu oinarri hauei buruz sor daitezken zalantzak.
  • HAMAIKAGARRENA.- Lehiaketara aurkezteko, aurreko oinarri guztiak onartu behar dira.