Elgoibarko Herriko Antzokian jokatuko da Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketaren 16. edizioa, zapatuan eta domekan, apirilaren 1ean eta 2an. Guztira, 58 dantzarik parte hartuko dute, eta horien artean Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako hamabi ordezkari izango dira.
Ohi duten legez, bi jardunaldi jokatuko dituzte: zapatuan A saileko (7-11 urte) neska-mutilak lehiatuko dira, 16:00etatik aurrera. Irune Arriola eta Nahia Urbiola, nesketan; eta, Eneko Etxaniz eta Jon Etxeberria, mutiletan, izango dira Elgoibarko ordezkariak. Domekan, berriz, B sailekoen (11-15 urte) txanda izango da. Goizez izango da domekako saioa, 11:00etan hasita. Gure ordezkariei dagokionez, Maddi Zabala, Irati Marcos, Jone Gil, Amaia Sasiain eta Oihane Agirrebeña, Soinu Zaharrean; eta, aurreskuan, Aimar Almortza, Gaizka Uranga eta Markel Goenaga izango dira oholtzara igoko diren dantzariak.
• Altsasuko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketa
Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen ligaxkako azken jardunaldia Altsasuko Iortia kulturgunean jokatu zen, joan den asteburuan. Bertan, Amasa-Villabona, Legazpi, Lizartza, Etxarri, Zizurkil, Lezo, Asteasu, Oiartzun, Ziordia, Alegi eta Elgoibarko dantzariek parte hartu zuten. Amaia Sasiain, Irati Marcos, Markel Goenaga, Aimar Almortza, Gaizka Uranga eta Jone Gil izan ziren Inazio Bereziartua eskolako ordezkariak. Maila onean aritu zirela azaldu dute eskolako arduradunek, eta nabarmendu dute Jone Gilentzat txapelketa batean parte hartzen zuen estreinako aldia izan zela. Etxean, etxekoen aurrean dantza egitea izango dute hurrengo erronka, datorren asteburuan.
∞ Lotura duten albisteak:
- Aho zapore onarekin itzuli dira dantzari elgoibartarrak Beasaingo aurresku eta soinu zahar txapelketatik (2017-03-14)
- Eneko Etxaniz eta Jon Etxeberria dantzariek estreinaldi ona izan dute aurresku txapelketan (2017-01-16)
- Lezoko dantzarien erakustaldia Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketan (2016-04-11)