Aurtzaka dantza taldeak antolatu zuen Beasaingo txapelketa, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin batera. Izan ere, dantzarien biltzarrak urritik maiatzera bitartean antolatzen duen ligaxkaren baitako jardunaldi bat gehiago zen Beasaingoa. Txapelketa formatua izan arren, Gipuzkoako pausoetan trebatzea eta dantzarien maila hobetzea ditu helburu ligaxka honek. Gainerako txapelketan legez, Beasaingoan ere bi mailatan lehiatu ziren parte hartzaileak. Lehen jardunaldian, zapatuan, A saileko dantzariek egin zuten dantza, 7 eta 11 urte arteko gaztetxoek, alegia. Nahia Urbiola, Irune Arriola, Jon Etxeberria eta Eneko Etxaniz izan ziren Elgoibarko ordezkariak eta dantzatu zituzten dantzak, berriz, honakoak: Ormatxulo, Txakolin, Alpargata eta Agurra.
Domekan, bestalde, B sailekoen txanda izan zen, 12 eta 15 urte arteko dantzariak biltzen dituen taldearena, hain zuzen ere. Ehun Dukat, Humboldt Zortzikoa, Desafioa eta Txakolin dantzak dantzatu zituzten. Maddi Zabala, Aimar Almortza, Markel Goenaga eta Gaizka Uranga izan ziren oholtza gainera igo ziren dantzari elgoibartarrak. Inazio Bereziartuako irakasleek azaldu dutenez, dantzari guztiak aritu ziren ondo, eta urrasa bat gehiago eman dute euren dantzari formazioan. Nahia Urbiolarentzat parte hartzen duen estreinako txapelketa izan zela nabarmendu dute.
• Elgoibarko txapelketa apirilaren hasieran
Hurrengo txapelketa Nafarroan izango da, Altsasun, martxoaren 26an. Eta handik astebetera jokatuko da Elgoibarko aurresku eta soinu zahar txapelketa, apirilaren 1ean eta 2an.