Zuzeneko emanaldi batekin amaituko da 'Hiri asko bere baitan' erakusketa

Barren.eus 2015ko ots. 27a, 07:32

Bilbo, euskara eta sorkuntza ardatz hartuta, Hiri asko bere baitan proiektua gauzatu dute Unai Villena, Asier Olabarrieta eta Aitor Gomezek. Literatura, musika eta argazkilaritza uztartu dituzte lan honetan, eta irudimenari bide emanez unibertso bisual, literario eta soinuduna sortu dute. Astelehenean zabaldu zuten erakusketa, eta domekara arte egongo da ikusgai. Erakusketari amaiera emateko, kontzertua eskainiko dute, proiektua osatzeko sortu dituzten abestiekin. (bideoa dauka)

 Erakusketa bera ulertzeko hiru diziplinak bat eginda ikusi behar da. Entzun, irakurri eta ikusi egin behar da, alegia. Zortzi obrak osatzen dute erakusketa, Bilboko barruti bakoitzeko bat, eta obra bakoitzak bere irudia, testua eta abestia ditu. 35 bat minutu behar dira erakusketa ikusteko. Gai unibertsalak landu dituzte, eta gai horiek Bilboko barrutiekin lotu dituzte. Bilbo dauka oinarrian proiektuak, baina sortzaileek esan dutenez, Bilbotik kanpora ere inolako arazorik gabe ulertzen da obra. Kultur Etxeko sotoan bisitatu daiteke erakusketa, 18:30etik 20:30era.

• Zuzeneko emanaldia, domekan

Erakusketaz gain, argazkiak eta testuak liburuxka batean jaso dituzte, eta datorren domekan zuzeneko emanaldia egingo dute proiektua osatzeko sortu dituzten abestiekin. Asier arduratu da musikaz. Berak sortu ditu doinuak, eta gitarra berak grabatu du. Hala ere, beste musikari batzuen kolaborazioa izan du estudioan, eta domekan Elgoibarren izango dira. Andoni Alonso, Aitzol Mujika eta Kepa Errazti arituko dira Asierrekin zuzenean, eta sorpresak ere iragarri dituzte. Estreinako emanaldia izango da, ”mundu mailako estreinaldia”. 19:00etan izango da musikaldia Kultur Etxeko sotoan, eta sarrera hiru euroan jarri dute. (informazio osoagoa BARREN aldizkarian, 940. zenbakia)

Hona Hiri asko bere baitan proiektuko bigarren obra: Emakume itsusia.