Amorantek binilozko singlea argitaratu du bi kanturekin

Barren.eus 2017ko ots. 24a, 15:21

Amorantek (Iban Urizar Ondarza) binilozko singlea kaleratu du Manuela eta Brueghel zarra abestiekin. Singlea edizio mugatua izango da, baina bi abestiok digitalean ere badaude entzungai eta eskuragarri.

Amorantek Euskadi Irratiko Arratsean saioan estreinatu zituen, joan den eguaztenean, biniloan atera dituen bi abesti berriak: Manuela eta Brueghel zarra. Edonola ere, dagoeneko entzun eta erosi daitezke bi abestiok Amoranteren Bandcamp orrian.

• Jose Mari Ondarzaren hitzak

Iparragirreren Zugana Manuela kantua ardatz hartuta, erritmo dantzagarriak txertatu ditu Amorantek Manuela abestian. Autotunea bezalako efektua ahotsean darabil Amoranteren unibertsoa zabalduz. Brueghel zarra abestian, berriz, Jose Mari Ondarza idazle elgoibartarraren hitzek Brueghel margolari flamenkoaren mundua irudikatzen dute, abestian kadentzia berezi bat ezarriz. Manuelatxo dantzan darabil Taksim plaza erdian, Brueghel zaharrak erretratu bat egiten dion bitartean.

Amorantek, iaz, bost kantuko lehen lana ondu zuen, “soinu-postal” formatuan. Formatu berezi horretan bost postal bildu zituen, eta postal bakoitzak kantu bat deskargatzeko kodea zuen. Oraingoan, berriz, biniloaren aldeko hautua egin du, baina orain ere iraupen laburreko grabazioa lehenetsiz.

Iban Urizarren bakarkako proiektua da Amorante. Aspaldiko kopla, flamenkoa, Afrikako musika eta, orokorrean, tradizio anitzeko musika jorratzen du, eta folkaren ildotik abiatuta, esperimentaziorako tartea ere uzten du. Erraietatik ateratzen duena kantu bihurtzen saiatzen da gitarra, ahotsa, harmonium-a eta tronpetaren laguntzaz. Cafe Teatro, Bizarra eta Andrakan taldeetan aritu da Urizar, besteak beste.

Ikus hemen EITB Kultura Transit saioekoek Amoranteri buruz egin duten bideo-erreportajea: