‘Euria’ antzezlana domekan, Herriko Antzokian

Barren.eus 2017ko ots. 17a, 19:49

Markeliñe Teatroak Euria antzezlana taularatuko du domekan (otsailak 19), Elgoibarko Herriko Antzokian. Maite dugun norbait jadanik ez dagoenean gertatzen zaigunari buruz hitz egiten du. Eta zerbait aldatu dela ulertzeko eta onartzeko behar dugun denbora guztiari buruz.

Euria antzezlana testurik gabeko, hitzik gabeko proposamena da, eta eszenak forma bisualetan oinarrituz kontatzen dira. Antzerkia eta dantza, lengoaia osagarriak eta elkarren ondoan jarritakoak izango dira, istorioaren esanetara. Dantzatutako antzerki honek, protagonistak bi aterkiekin duen elkarbizitza berezia kontatzen digu.

euria markeline elgoibar 1• Galerei aurre egiteko gaitasuna

Gaiak tristura edo malenkonia eragiten baditu ere, ikuskizuna, umore ukituekin, ezuste bisualekin eta atmosfera poetikoan murgilduta dago. Markeliñe talde zornotzarrak ume zein helduentzat sortu zuen antzezlana. Iñaki Egiluz taldekidearen berbetan (ikus anboto.org-n), umeentzako antzerkiak ez du beti gauza alai eta polita izan behar. “Horregatik, forma ezezik edukia ere eskaini gura dugu, antzerkiak zeozertarako balio dezan”. Ikuskizunak antzerkira doan umea eta antzokian aldamenean daukan heldua heriotzaz, doluaz, edota tristuraz berba egitera bultzatzea nahi dute Markeliñekoek.

16:30ean hasiko da saioa.