Estreinatu dute C.D. Elgoibarren Mendeurreneko Martxa

Barren.eus 2017ko ots. 13a, 22:09

Elgoibarko Udal Musika Bandak jarri dio doinua C.D. Elgoibarren mendeurrenari. Domekan estreinatu zuten Medeurreneko martxa Herriko Antzokian. Kale kantarien eta Parrokiako Abesbatzako kideen ahotsean entzun ziren German Meabebasterretxeak sortutako hitzak.

Elgoibarko Herriko Antzokian bete zuen atzo Elgoibarko Udal Musika Bandak. Hilean behin eskaintzen dituzten ohiko kontzertuetan ere jende asko batzen dute, zaletu fidelak baitituzte. Atzoko kontzertuak berezitasun bat zuen ordea, C.D. Elgoibarren mendeurrena ospatzeko propio sortutako martxa estreinatu baitzuten kontzertuaren amaieran. Udal Musika Bandako zuzendari Txomin Mujikak sortu eta egokitu du bandarako, eta Kale Kantarien taldeko kideen eta Parrokiako Abesbatzaren laguntza izan zuen estreinaldian. Birritan jo zuten Mendeurren Martxa. Goiko bideoan entzun dezakezue emaitza. Soinu kalitate hobean eskainiko dute Arrate Irratian datorren domekan, otsailaren 19an.

• Ricardo Garate in memoriam

Ricardo Garate zena ere gogoan izan zuten martxaren estreinaldian. Udal Musika Bandako zuzendari Txomin Mujikak azaldu zuen Ricardo Garate berak eskatu ziola Mendeurrenerako martxa sortzeko. "Orain dala bi urte eskatu zidan. Neri gustatzen zaidan moduan, denborarekin eta lan egiteko asti nahikoarekin. Prestatu nuen musika eta German Meabebasterretxeak ere asko gustatu zaidan letra asmatu zuen, baina bien bitartean Ricardo hil zitzaigun. Orduan, hau jarri nion martxari: Elgoibarko Klub Deportivoari, bere lehenengo mendeurrenean, Ricardo Garateren omenez, in memorian. Horixe jarri nion eta hor dago betirako". Garate pertsona maitatua eta langilea izan zela goraipatu zuen Mujikak. "Bere heriotzaren berri izan ostean, haren gainean berba egin nuen guztiengandik sentsazio berdina jaso nuen, ez dut horren maitatua izan dan pertsontrik ezagutu".

Mendeurren batzordearen izenean berba egin zuen Iñaki Kondek ere berba politak izan zituen Garaterentzat. "Gure batzordeko kidea zen, baina hori baino gehiago zen: gure liderra. Berak jarri gintuen bakoitza zeregin batean. Urte guztiko programazioa osatzerakoan ere berea izan zen aportaziorik handiena", gogora ekarri zuen Kondek. Ricardo Garateren izaera nolakoa zen azaldu zuen Kondek, konparazio bat erabilita. "Elgoibarren badago etxe bat Galiziatik etorritako igeltsero batek egin zuena, 60ko hamarkadan. Hamar bat urte baino gehiago eman zituen etxea egiten. Apenas dirurik gabe, bere eskuekin. Bukatu zuenean, Consvoica jarri zion izena: constancìa, vocaciòn y capacidad. Gutxienez, hori zen Ricardo, konstantea, lana egiteko izugarrizko gaitasuna zuen pertsona -maite zuen lana-, eta ahalmena zuen gainera. Argitasuna zuen ikusteko nondik nora etorri edo joango ziren gauzak. Horrez gain, beste bi gauza on zituen: batetik, izugarrizko ausardia, eta, bestetik, oso baikorra zen. Bi ezaugarri horiek pertsona batean elkartzen direnean, magia eta sormena dira emaitza. Ricardo Magikoa zen, eta magia horren zati bat herriari eman zion, Elgoibarri. Ricardok ADNan zuen Elgoibar". Berba horien ostean, Ricardo Garate zenaren ama, alarguna eta semeari antzeztoki gainera igotzeko eskatu zien Kondek eta lora sorta bana eman zien.

German Meabebasterretxeak Ricardo Garateren omenez idatzitako bertso sorta bat ere abestu zuten Kale Kantariek eta Parrokiako Koruak.

 cd elgoibar martxa udalmusikabanda ricardo garate

cd elgoibar martxa udalmusikabanda meabe mujika

cd elgoibar martxa udalmusikabanda oroigarriak

 cd elgoibar martxa udalmusikabanda goitik2

cd elgoibar martxa udalmusikabanda goitik t

 cd elgoibar martxa udalmusikabanda goitik

 cd elgoibar martxa udalmusikabanda zuzendaria