Berdintasunaren aldeko aldarrikapena ekarri du Kepa Urainek santa eskeko kopletara

Barren.eus 2017ko ots. 6a, 14:28

Tradizioaren arabera Siziliako birjina eta martiria izan zen Agata Cataniakoa gogoan, sexu erasoen aurkako eta berdintasunaren aldeko aldarrikapen bertsoak idatzi eta abestu zituen zapatuan Kepa Urainek, santa eskeko Etxegiña taldeko koplari nagusiak.

“Santa Ageda bortxatua izan zen eta bularrak moztu zizkioten, eta horregatik idatzi ditut bertso hauek, gaur egun ere gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eta sexu erasoen aurkako mezu ozen eta garbia zabaltzeko”, adierazi du Kepa Urainek. (goiko bideoan ikus dezakezue Etxegiña taldekoek aipaturiko bertsoak abestu zituzten unea. Beherago ere irakur ditzakezue Kepa Urainen bertsoak)
• Ageda, birjina martirra
Tradizio kristauaren arabera, Siziliako birjina eta martiria izan zen Agata Cataniakoa (Catania, c.231 - Catania, c.251), eta Agedaren bizitza eta martirioa gogora ekartzen dute otsailaren 4an, Santa Ageda Bezpera Egunean, kantuan irteten diren taldeek.
Santa Agedari, Siziliako famili aberats bateko emakumeari, bularrak moztu zizkioten ezetz esan zuelako, bere birjintasuna mantendu nahian bilakatu zen martiri. Quintianus senatari erromatarrak bere egin nahi izan zuen, Decio enperadoreak kristauen aurka egin zituen jarraipenak aprobetxatuz. Baina Ageda Jesukristorekin zegoen konprometituta ordurako eta Quintianusekin ez zuen ezer jakiterik nahi izan. Senataria neska gaztea konbentzitzen saiatu zen, Afrodisia emakumearen laguntzarekin, baina hark berriz ere ezetz esan zion.
Mendekuz beteta, Quintianusek neska tortura zezaten agindu zuen eta bularrak moztu ziezazkiotela ere bai. Agedak halaxe erantzun omen zion senatariari: “Ez al dizu lotsarik ematen emakume bati zeu txikitan elikatu zintuen bular berdina torturatzea?  San Pedrok zauriak sendatu zizkion arren, Santa torturatzen jarraitu zuten erromatarrek eta Siziliako Catania herrian bota zuten gori-gori ziren ikatzetara.  
Kontatzen dutenez, Etna sumendiak erupzioa egin zuen Santa hil eta urtebetera eta Cataniako herritarrek bere laguntza eskatuta lortu zuten laba herriaren atarian geratzea. Ordutik, Santa Ageda bertoko patroia da, baita sumendiaren inguruetakoa ere. Suak, tximistek eta sumendiek ekar ditzaketen kalteak prebenitzeko egiten diote oles hangoek.
Hala, emakumeen eta emankortasunaren zaindaria da Santa Ageda, bere borondatea egitea bere bizitzarekin ordaindu baitzuen. Beregana jotzen dute bularreko gaitzekin, erditze txarrekin eta esnea emateko arazoekin diren zenbaitek eta Euskal Herriko tradizioan zehazki, zefalea eta migraina sendatzen dituenaren sinestea dago zabalduta. (iturria: mondraberri.com)
kepa urain etxegina elgoibar
•Kepa Urainen bertsoak:


Betidanikan guk ama degu
Bizitza ematen diguna,
Mutilak eta neskak berdinak,
Hor degu argitasuna.
Bortxakeria hor eta hemen
Eguneroko entzuna.
Askok oraindik ilun sentipen
Sexua ta maitasuna!

 

Emakumeak argi begiak,
Nunnahi dago arriskua,
Festa girora joaten bazea
Zaind zure ingurukua.
Etsaiak beti etsaiak dira,
Eta mina sortzekua.
Lorategi bat zapaltzen duna
Ez da gure sendikua

 

Baina ezin ahaztu zer gertatzen den
Jaiak iritsi orduko.
Asko ta asko EZ! Ezetz dela
Ez al dira ohartuko?
Sexu eraso guztiei tinko
Egiten diegu uko,
Eta ez degu gisa hortako

jarrerarik onartuko

 etxegina elgoibar santaeskea urizar urain 

• Kepa Urain ordezko bila

Etxegiña taldekoak 1925. urtean hasi ziren santa eskean Elgoibarren. German Uriguen Etxegiña izan zen koplari nagusia makina bat urtean, harik eta Kepa Urainek erreleboa hartu zion arte, 1980. urtean. Aurtengoa, hortaz, Etxegiñakoak santa eskean irten diren 92. aldia izan da. Kepa Urain, berriz, 1960. urtean irten zen estreinakoz santa eskean eta koplari aritu den 36 aldia izan da aurtengoa. Urte asko egin dituela dio, “nekatu” egin dela, eta nahi lukeela bere ordezkoa agertzea. Eskaera hori ere bertsotan adierazi du:


Santa Agedak larritasuna
Nola gozatu badaki.
Elgoibartarrok santa eskean
Koplaria nahi eduki.
Ate aurrean eskalea ta
Bihotz barnean erruki.
Borondatea beti eskatu
Eta ahal bada egoki

 

Santa Agedak zuzentzen gaitu
Kale eta auzuetan.
Etxegiñaren taldea beti
Txintxo leialak horretan,
Baina kezkatu sentitzen naiz,
Jartzen zaituztet arretan,
Koplaria ere zahartu egin da,
Eta nekatu urtetan

 

Ezin baztertu maitasunakin
Germanek utzitakua,
Santa eskean zoriontsu naiz,
Ta seme Elgoibarkoa,
Ez dakit nola argitu leiken
Neri gertatutakoa
Ahalik azkarren ikusi nahi dut,
Hemen nere ordezkoa.