Elgoibarko arte erlijiosoari buruzko erakusketa ikusgai dago parrokian

Barren.eus 2016ko abe. 20a, 12:56

Kalegoengo San Bartolome parrokian lehen meza ospatu zenetik 300 urte beteko dira abenduaren 30ean. Urteurrena ospatzeko urte guztian antolatu dituzten ekintzak azken txanpan sartu dira. Pello Arrietak eta Javier Elorzak idatzi duten liburua aurkeztu zuten joan den astean, Udal Musika Bandak Gabonetako kontzertua eskaini zuen domekan parrokian, eta Elgoibarko Arte Erlijiosoa erakusketa inauguratu dute parrokian.

San Bartolome parrokian bertan egongo da ikusgai Elgoibarko Arte Erlijiosoa izeneko erakusketa. Astelehenean inauguratu zuten eta nurtarrilaren 17ra arte bisitatu ahal izango da. 

Erakusketaren ordutegia:

  • Astelehenetik barixakura 16:00 - 18:00
  • Zapatuak 11:30 - 14:00 eta 16:00-18:00
  • Igande eta jai egunetan 17:00-20:00

Elgoibarren dauden ermitetatik (Sa Roke, San Lorentzo, San Antolin, San Migel eta San Pedro), Santa Klara komentutik, Donostia Elizbarrutiko museotik eta artxibotik, Zarautzeko Frantziskotarren komentutik eta Donostiako San Telmo museotik ekarritako elementuekin osatu dute erakusketa ikusgarria. Aurrekoez gainera, San Bartolome parrokian bertan dauden elementuak ezagutaraziko dituzte. Batzuk bertan egin zituzten, beste batzuk Olasoko San Bartolome elizatik ekarri zituzten eta beste zenbait San Frantzisko elizatik. 

• 87 arte elementu

Guztira 87 arte elementu daude ikusgai. Horietatik 50 dira ekarritakoak: 20 eskultura, 3 margo eta 27 dokumentu edo agiri, kantu-liburu eta elizako liburu. Gainerako 37 elementuak parrokian zeudenak dira, besteak beste, erretaula, margo lanak, burdin sarea edo hainbat irudi. Eskultura eta artelan horietako asko Maite Ferrero elgoibartarrak zaharberritutakoak dira. Idotorbe bailarako Urkiola baserriko Andres Egidazuk egindako San Bartolome elizaren maketa bat ere jarri dute ikusgai. Egidazuk Santumotz eta Urruzunoko San Antonio Paduaren irudiak egin izan ditu aurrez, eta parrokiaren maketa ikusgarria osatu du orain. Arte elementu guztiak errotulatu dituzte. 

750 argazkiz osatutako bilduma

Erakusketaren osagarri  izango den Power point bat ere sortu dute, 750 irudiz osatua, eta parrokiako pantailan erakutsiko dituzte. Pello Arrietak azaldu duenez, Elgoibarko ondare erlijioso guztia bildu dute argazkiotan: Olasoko eta Kalegoengo San Bartolome, San Frantzisko komentua, ermitak, Eliz Museo, San Telmo eta Santa Klarako argazkiak, besteak beste. Pellorekin batera, Jesus Zubiaurre, Sabin Etxaniz, Jesus Mari Juaristi, Elur Arrieta eta Josu Ansola aritu dira lan horretan. 

Ondare erlijiosoa ezagutaraztea

Erakusketaren helburua Elgoibarko ondare erlijiosoa ezagutaraztea dela azaldu du Arrietak. “Ezagutzen ez dena ezin da baloratu, eta baloratzen ez dena ezin da maite. Ondarea zainduz gure oroimen historikoa lantzen dugu”, adierazi du Arrietak erakusketaren inaugurazioan. Aurten eskaini dituzten bisita gidatuen eta joan den astean aurkeztu zuten liburuaren helburua ere gure ondare erlijiosoa ezagutaraztea dela nabarmendu du. Pello Arrieta eta Javier Elorza historialariek joan den eguenean aurkeztu zuten mendeurrenaren harira idatzi duten liburua: Kalegoengo San Bartolome Parrokia (1716-2016) / Errebaleko San Frantzisko Monastegia (1516-1926). “Meritu eta balio handiko piezak ditugu. Bisita gidatuetan parte hartu duten herritar asko txundituta gelditu dira daukagun ondarearekin. Gure arte-pieza gehienak ez dira maila gorenekoak, baina geureak dira. Gureak dira eta maite ditugu. Edonola ere, gure arbasoek kalitate irizpidea izan zuten artelan asko egiterakoan”. 

Edorta Kordadiren aholkuak

Edorta Kortadi Donostiako Eliz Museoko zuzendari, Deustuko Unibertsitateko katedradun eta Santa Maria parrokiako bikarioaren laguntza izan dute erakusketa osatzeko eta inauguraziora ere etorri zen. “Ondare bikaina duzue elgoibartarrok. Gure historiaren berri ematen diguten artelanak dira, kristautasuna Gipuzkoan nola barneratzen joan zen erakusten digutenak. Aranak eginiko margolanak oso onak dira eta Lucas Jordanoren margolanak ere balio handikoak dira, goi mailako margolaria izan baitzen. Daukazuen ondarerik handiena, baina, daukazuen parrokoa da”, esan du Kortadik.

 ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte peio

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte azalpenak2

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte benantzio

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte maketa

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte maketa4

2016 12 19 ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte maketa3

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte

 ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte 1

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte 4

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte 1716

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte 4irudi

2016 12 19 ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte antonio

ondare erlijiosoa elgoibar parrokia 300urte 2

kontzertua banda elgoibar parrokia