'Igelak' euskal filma ikusgai asteburuan Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2016ko abe. 1a, 14:13

Asteburu honetan Euskararen Eguna ospatuko da, hori dela eta, Elgoibarko Udaleko Kultura sailak Igelak filma aukeratu du asteburu honetako zine emanaldirako. Horrez gainera, domekan emango duten Zikoinak filma ere euskaraz eskainiko dute.

Barixaku (21:30) eta zapatu gauean (22:15) euskarazko bertsioan ikusteko aukera izango da, eta gainerako emanaldietan (larunbatean 19:00tan, domekan 19:00etan eta astelehenean 21:30ean), euskaraz baina gaztelaniazko azpitituluekin.
Patxo Telleriarena da Igelak filmaren zuzendaritza eta gidoia. Musika ukituak dituen komedia da, eta Gorka Otxoa aktorea da protagonista. Umorea da nagusi filmean eta musikak ere badu bere lekua parte hartuko duten musikarien zerrendak erakusten duenez: Ainhoa Arteta, Xabi Solano (Esne Beltza), Gose, Gari, Francis (Doctor Deseo), Natxo de Felipe, Iñaki Salvador, Oreka Tx eta Gatibu daude parte-hartzaileen artean, besteak beste, eta Miren Gaztañaga aktorea ere aritzen da kantuan.
Sinopsia: Delitu ekonomikoengatik atxilotu dute banku sukurtsal bateko zuzendaria, Pello. Haren nagusiak ere nahasiak daude auzian, baina bakarrik utzi dutela jabetzean, ihes egingo du, eta etxegabetzeen elkarte batek okupatutako etxe batean topatuko du babesa. Aktoreen artean, Otxoaz gain, Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia eta Mikel Losada aurkitzen dira.
• Zikoinak filma, domekan

Zineuskadi elkarteak sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, euskaraz estreinatu dute Zikoinak filma Euskal Herriko zenbait zinema aretotan, eta Elgoibarren ere euskarazko bertsioan ikusteko aukera izango da, domeka honetan, hilaren 4an, 16:30eko saioan.
Nicholas Stoller-ek eta Doug Sweetland-ek zuzendutako filmak zikoinen ohiko kontzeptua aldaraziko du. Beti esan izan da zikoinek haurrak eramaten dituztela edo, eraman ohi zituztela behintzat. Orain, ordea, interneteko mundu mailako konpainia baten paketeak emateaz arduratzen dira. Junior (Andy Samberg), konpainiako banatzailerik hoberena den zikoina, postuz igotzekotan daude nahi gabe Umeak Egiteko Makina aktibatu eta baimendu gabeko ume zoragarri bat egiten duenean.
Etsiak hartuta, bere nagusia konturatu baino lehen arazoa gainetik kendu nahi du. Horretarako, Stork Mountaineko Tulipen laguntza izango du. Haurtxoa emateko, familia bat baino gehiagoren segurtasunari eragin liezaioken abentura basati eta errebelatzailean murgilduko dira, munduan zikoinen benetako egitekoa berezarriz.