'Amorante' saritu dute Musika Bulegoa Sarietan

Barren.eus 2016ko aza. 17a, 19:44

Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak (EHMBE) gaur eman ditu ezagutzera Musika Bulegoa Sarien lehen edizioan aurkeztutako 65 proposamenen artean nabarmendu diren musikari, sortzaile eta interpreteen izenak. Sarituen artean dago Iban Urizar elgoibartarraren Amorante bakarkako proiektua.

Juanjo Mena zuzendariaren ardurapean dagoen Berliner Philarmonikerren Zuzendaritzak, Rural Zombies taldearen (Bat) azken lanak eta Angel Unzu (Duos) eta Amorante (Amorante) kantarien azken lanek eta Audiolab Kultur Elkartearen jardunak irabazi dituzte Musika Bulegoa Sariak. Sariok Musika Bulegoak antolatu ditu estreinakoz. Musika Bulegoa musikaren sektoreko eragileen topagunea eta lankidetza-eremu irekia da, eta Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musika bultzatzeko eta indartzeko asmoz sortu da.

• Sari banaketa Bilboko Kafe Antzokian
Sarituen berri gaur eman badute ere, sari banaketa ekitaldia Bilboko Kafe Antzokian egingo dute, azaroaren 24an, 19:00etan. Bost sari horien irabazleetako bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu, baita Fernando Mikelarena eskultoreak egindako merezimenduzko sari bat ere.
Berariaz eratutako epaimahai independente batek aztertu eta aukeratu ditu aipaturiko musikarien eta artisten lanak, 2015eko uztailaren 1etik 2016ko abuztuaren 31 bitartean kaleratutako musika-proiektuen artean. Hainbat musikarik eta EHMBEren elkarte bazkideek parte hartu duten barne-prozesu batean proposatu dira nabarmendutako lan horiek.

• Kalitate handikom lanak

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, epaimahaiak lana sortu, interpretatu eta ekoizteko jardunari (ikerketa, interpretatzeko teknika, lana konposatzeko teknika, grabazioa eta abar) erreparatu dio nagusiki eta baita, jakina, azken emaitzari ere. Horretarako, hainbat balorazio-erreferentzia erabili ditu: berrikuntza, originaltasuna, indarra, potentzialtasuna, sotiltasuna, sentsibilitatea, esperimentazioa, sonoritatea, estilo-estetikak eta artworka, besteak beste.
"Ez da lan erraza izan, aurkeztutako proposamen guztien kalitate handia dela eta", azaldu dute.

 amorante ibanurizar saritua elgoibar
• "Proiektu irekitzaile originala eta ausarta", epaimahaiaren esanetan
Amoranteri dagokionez, epaimahaiak honakoa nabarmendu du: "proiektu irekitzaile originala eta ausarta da, herri musika tradizionaletik abiatu eta esperimentazioari eta inprobisaziori ateak irekitzeko, hala diskoaren ekoizpenean (Xabier Erkiziarentzako aipamen berezia) nola konposizioan eta eszenaratzean". Era berean, diskoa kaleratzerakoan aukeratutako formatua ere berritzailea dela dio "edizio mugatua da, serigrafiatutako bost postalen 86 kopia kaleratu ditu egileak, artisau-paperean bilduta eta origami teknikarekin eskuz tolestutako gutunazalean sartuta; abestiak digitalean entzun daitezke (bandcamp- salmenta digitala eta entzunaldi mugatuak), baina disko-formatuak bestelako forma hartzen du, berria”. Ildo beretik, autoekoizpenean eta proiektuaren autokudeaketan erakutsitako "maila altuari" balio handia eman dio epaimahaiak. Iban Urizarrek 2016ko otsailean editatu zuen Amorante lana. Bakarkako proiektua den arren, hainbat musikariren laguntza izan zuen grabazioan, elgoibartarrak horietako batzuek: Patxi Zabaleta, Naia Membrillera eta Aitor Nova.