Magosto Eguna Maalako parkean egingo dute aurten

Barren.eus 2016ko aza. 11a, 15:45

Elgoibarko Galiziako Kultur Etxeak Magosto jaia antolatu du aurten ere, udazkenero bezala. Zapatu honetan, hilaren 12an, izango da, eta estreinakoz Maalako parkean egingo dute. Galiza etxekoek gaztainak jateko gonbidapena zabaldu nahi dute elgoibartar guztien artean.

Zapatuan Maalako parkera gerturatzen direnek doan dastatu ahal izango dituzte gaztaina erre berriak. Magostoko gaztainez gain, Galiziako hainbat jaki eta edari erosteko aukera ere izango da Magosto Egunean. Galiziatik ekarritako txorizoak, belarriak, likoreak, eztia, txokolatea eta abar saltzeko zenbait postu jarriko dituzte Galiziako Kultur Etxeko kideek.

• Gaztañerre Eguna Altzolan

Altzola auzoan ere ospatuko dute Gaztaiñerre Eguna domekan, azaroaren 13an. Gaztainak banatuko dituzte, doan, elizako arkupeetan. Musikaz girotua egongo da 12:30etan hasiko den ekimena.