Elgoibar Erdi Aroan nolakoa zen ezagutzeko bisita gidatua egingo dute zapatuan

Barren.eus 2016ko aza. 3a, 07:54

Arkeolan Fundazio arkeologikoak "Elgoibar Erdi Aroan" izeneko bisita gidatua eskainiko du zapatu honetan (azaroak 5). Aurkikuntza arkeologikoetan oinarrituta, besteak beste, 2001ean San Bartolome kalean egin zituztenak, Elgoibarko herriaren sorrera eta hiribilduak Erdi Aroan zuen itxura ezagutzera emango dute. Doakoa izango da.

Arkeolan Fundazioko kide Pia Alkain arkeologoak egingo ditu gidari lanak. Elgoibarren iragana ezagutaraztea helburu duen ekimen honen sustatzaileek jakinarazi dutenez, Elgoibarri buruzko xehetasun eta bitxikeria ugari ezagutzeko aukera izango da: sorrera, urbanismoa, hiribilduko harresia, lubanarroa... eta baita gure arbasoen bizimodua nolakoa zen ere.

Ibilbide gidatua udaletxe aurretik hasiko da 12:00etan, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. 

Doakoa izango den arren, plazak mugatuak izango dira, beraz, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Interesatuek  Arkeolan Fundazioan eman behar dute izena: 943 63 82 18 telefonora deituta edota arkeolan@arkeolan.com posta elektronikora mezu bat idatzita.

• Arkeologia-aztarnategia Elgoibarren 2001an

Arkeolaneko adituek Erdi Aroko arkeologia-aztarnategi "baliotsua" aurkitu zuten San Bartolome kaleko 8. zenbakian, 2001ean. Eraikuntza berri bat egiteko etxea bota zutenean gelditu zen orubean, hain justu ere. Hiribilduak Erdi Aroan izan zuen harresian kokatuta zegoen orubea eta sasoi hartan harresiaren ondoko zuloa edo lubanarroa izan zen lekutik lokatz artean kontserbatuta zeuden "milaka" pieza berreskuratu zituzten. 

Arkeolaneko arkeologoek gainera, kontserbazio egoera "oso onean" zeuden hainbat pieza atera zituzten. 

Izan ere, behinola Elgoibarko hiribildua defendatzeko balio zuen harresiaren gainean etxeak eraiki zituztenez, eta horren ondorioz zuloan oxigenorik sartu ez zenez, desegin gabe kontserbatu ziren aztarnak, tartean materia organikozkoak. Zuloa zakarrak botatzeko erabiltzen zen. Beraz, era askotako hondakinak zeuden: hezurrak, txanponak, oinetakoak, egurrezko orraziak, latoi zein brontzezko botoiak, zeramikaz eginiko plater, kaiku eta lapikoak, umeentzako larruzko jantziak (jipoiak), gerrikoak, e.a.

2016 11 03 aztarnategia elgoibar 2001 sanbartolome

aztarnategia elgoibar 2001 sanbartolome v1