'El Florido pensil (niñas)' antzezlana taularatuko dute Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2016ko urr. 27a, 18:30

Antzezlanaren jatorrizko bertsioa taularatu eta hogei urtera, emakumeen ikuspegitik estreinatu du Tanttaka Teatroak El Florido Pensil obra, eta barixakuan (urriak 28), Elgoibarko Herriko Antzokian eskainiko dut.

El florido pensil (niñas) lanak gerra-ondoko Espainiako hezkuntza sistemaren ondorioak jasaten dituzten bost neskatoren egunerokoa kontatzen du.
Gizartearen eta horren ideologia menderatzailearen isla zen eskola. Ideologia horrek Erdi Aroko patriarkaturik sakonena berreskuratu eta azken ondorioetaraino ezartzea erabaki zuen. Emakumeak izan ziren ekintza moralizatzaile horren helburu; izan ere, ezkontzea eta etxeko lanak egitea zen beren berezko bidea. Eta beren ibilbide profesionala, berriz, familia osatzea eta seme-alabak edukitzea. Horretan bat zetozen ia guztiak, emakumeak zein gizonak: maistra, apaiza, gurasoak, moralistak, kupletistak, eleberri arrosen idazleak, baita gimnasia-irakasleak ere. Eszena guztietan ikusiko da bi emakume mota baino ez zeudela: zintzoak eta besteak.

• Emakumezkoen ikuspegitik orain
Hogei urte pasatu dira Tantaka teatroak El Florido pensil antzerkia estreinatu zuenetik, baina ordu hartan gizonezkoen ikuspegitik kontatu zuten istorioa. Oraingoan emakumeak izango dira protagonistak. 20:30ean hasiko da antzerkia.
Sarrerak aurrez erosi daitezke Kutxaren bidez edo Kultur Etxean, eta bestela egunean bertan leihatilan (emanaldia hasi baino hiru ordu laurden lehenagotik, sarrera guztiak ez baldin badira saldu). Ikasle eta Gazte Txartela dutenentzat, prezioa 7 eurokoa izango da, gainontzekoentzat, 10 eurokoa.