Uxue Alberdik jaso du Euskadi Literatura saria, haur eta gazte literatura atalean

Barren.eus 2016ko urr. 13a, 12:34

Uxue Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, 1984) Euskadi Literatura saria jaso du koplatan idatzitako Besarkada lanagatik, euskarazko haur eta gazte literatura sailean.

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 2016ko Euskadi Literatura Sarien irabazleen lehen lau izenak jakinarazi ditu gaur Bilbon, lau saridunak eurak ere presente zirela Euskadiko Artxibo Historikoan egin den prentsaurrekoan. Uxue Alberdi elgoibartarra da sarituetako bat, haur eta gazte literatura atalean, hain justu ere. Besarkada (Elkar) lanagatik saritu dute Alberdi. Kopla bidez idatzitako lana da eta hori ere nabarmendu du epaimahaiak. Uxue Alberdiz gainera, beste elgoibartar batek ere irabazi zuen Euskadi Literatura Saria, birritan gainera. Iban Barrenetxea ilustratzaileak jaso zuen sari hau 2011n eta 2012an, Literatura-lanaren ilustrazioa atalean.
Hona hemen, 2016ko Euskadi Literatura Sarietako irabazleak:

  • Euskarazko haur eta gazte literatura: Besarkada, Uxue Alberdirena
  • Euskarazko saiakera: Tartaroa. Mina, boterea eta egia, Mitxelko Urangarena
  • Gaztelaniazko saiakera: Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Fernando Mikelarenarena.
  • Literatura-lanaren ilustrazioa: Así es la dictadura Mikel Casalena

 

• Saria jasotzeko merituak
Euskadi Literatura Sarietako epaimahaikideek lanak saritzeko ikusi dizkieten merituen berri eman dute (ikus merituak -PDF-). Hona hemen, Uxue Alberdiren Besarkada lana saritzeko nabarmendu dituzten merituak: “Besarkada lanak azal eta mami biltzen du besarkada batek sortarazten duen zirrara. Kanpoan haize bortitza dabilenean, bi beso hurbil sehaska bihurtzen dira. Haize-hotsa ahaztu egiten da, orduan, bihotz taupadak gertuago aditzen ditugulako eta beldurra uxatzen da, besoen borobil barruan mundutik gordeta sentitzen garelako; jantzita, eta ez biluzik..
Kopla bidez agertzen du hori guztia Uxue Alberdik, kontraste-giroa sortuz. Koplen egitura klasikoa harago doa, ordea, alde kontrajarrien arteko jokoa kode poetiko bilakatzen delako. Atmosferak, zentzuak eta zirrarak dira kode poetiko horren hizkuntza- baliabideak eta, honenbestez, pentsatzeko baino “sentitzeko” liburu baten aurrean gaudela esan dezakegu: “nahi al zenuke toki txiki bat nire besoen artean?”
Heldu batek ozenki irakur diezaioke haur bati, besarkada baten magalpean, baina biharamunean haurra izan daiteke helduari irakurtzen diona, rolak aldatuz. Izan daiteke haur batek beste bati irakurtzea ere, bitartekari batek horretarako bidea erraztu duelako. Bitartekariaren arrimura dastatzeko liburua da, bada. Bitartekari batek irakurketa- bideak zabaltzeaz gain, ohiko kode ezagunetik at dauden hizkerak eta kontatzeko moduak errazten ditu, irakurketa-uneari intentsitate intimoa erantsiz, kasu honetan bezala.
Uxue Alberdik idatzi eta Maite Gurrutxagak irudikaturiko album ilustratu honek txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat.

• Saria

18.000 euroko saria jaso du Alberdik, eta 4.000 euro gehiago jasoko lituzke lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.