Elgoibarko hamar elizak ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute, San Bartolome parrokiaren 300. urteurrenaren harira

Barren.eus 2016ko ira. 26a, 10:07

Elgoibarren dauden hamar elizak eta beste zenbait gune erlijioso ezagutu eta ezagutarazteko bisita gidatuak egingo dituzte urriaren 1ean eta urriaren 15ean, Kalegoengo San Bartolome Parrokiak 300 urte bete dituela ospatzeko antolatutako ekintzen barruan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Elgoibarren dauden hamar elizak egun bakarrean ikusteko “larregi” direnez, irteera bitan banatu eta urriko bi zapatutan egingo dituzte bisitaldi gidatuak: urriaren 1ean lehena eta urriaren 15ean bigarrena. Irteera hauek antolatzeko Morkaiko Mendizale Elkartearen eta beste zenbait boluntarioren laguntza izan dute.
Lehenengo irteeran sortalde-ekialdeko elizei egingo diete bisita: Azkue, Sallobente-Ermuaran, Urruzuno, San Antolin eta Maala. Bibarren irteeran, berriz, sartalde-mendebaldekoak: Santa Klara, Aiastia, Idotorbe, Sigma eta Olaso.
Irteera bata zein bestea San Bartolome elizatik abiatuko dira, 08:00etan. Bakoitzak bost ordu inguruko iraupena izango duela uste dute antolatzaileek. Eliza bakoitzean tarte txiki bat izango da atsedenerako eta gidarien azalpenak entzuteko. Hiru gidari izango dituzte bisitek.
•Hiru gidari
Inma Mugerza geologo elgoibartarrak eskainiko ditu natura eta ingurumenari buruzko azalpenak, Pello Arrietak historia eta artearen ingurukoak eta Benantxio Otaegi parrokoak erlijio bizitza izango du hizpide. Honenbestez, natura, historia eta erlijioa uztartuko dituen bisita gidatuak izango direla nabarmendu dute.

∞Lotura duten albisteak:

elgoibar elizak bisita kartela

eliza bisitak elgoibar ibilbidea mapa