Ukitu sataniko duen 'Chupacabras' kantaren bideoklipa estreinatu du Munletek

Barren.eus 2016ko ira. 23a, 12:46

Munlet bikoteak 2003an hasi zuen musika ibilbidea, eta ordutik lau disko atera dituzte. Azken lanari Chupacabras jarri diote izena, eta bihar aurkeztuko dute, Gararock jaialdian. Chupacabras singlea izango da zuzenean joko duten abesti berrietako bat, eta bideoklipa ere egin dute abesti horrekin. Mendaron grabatu dute osorik. Hona hemen:

 

Munlet: "Hiri handietako musika da gurea, eta hartzaileak punki, gotiko, homosexual edota tribu urbanoak izan dira gehienbat"

Bikote izatetik hirukote izatera pasa da Munlet azken diskoan. Ina Iriondo ‘Her Proffesor’ eta Anita Perez ‘Lady Fingers’ dira bikoteko kideak, baina azken lan honetan Cebri mendaroarra ere batu zaie. Hona hemen lan berriaren inguruan BARRENi eskaini dioten elkarrizketa:

munlet chupacabras1 mendaro
• Chupacabras diskoa aurkeztuko duzue bihar Mendaron, zuen herrian. Zer sentitzen duzue?

Pozik gaude, egia esanda. Mendarotik, eta, oro har, Euskal Herritik kanpora jarraitzaile gehiago izan ditugu. Hiri handietako musika da gurea, eta hartzaileak punki, gotiko, homosexual edota tribu urbanoak izan dira gehienbat. Mendaro herri txikia da, eta uste dut ikusi gaituztela pixkat ‘bitxo raro’ bezala, nahiz eta gu oso normalak izan. Azken lan honetan Cebri mendaroarra batu zaigu taldera, eta hori ere izan da diskoa herrian aurkezteko arrazoia. Cebri oso ezaguna eta popularra da Mendaron, eta une aproposa iruditu zaigu Chupacabras Mendaron aurkezteko.


Zer aurkituko dugu disko honetan?
Soinua ez da hain elektronikoa; apur bat elektrikoagoa da. Eta kantak errazagoak dira entzuteko. Kanta asko daude, baina motzak. Abesti guztiak guk egindakoak dira. Azken kantua, Divina of the dead, Yogurina Borobari egin genion, eta orain gure bertsioa egin dugu. Esango nuke azken disko hau kontsumitzeko aurrekoak baino errazagoa dela.


Diskoari laguntzeko bideoklipa ere egin duzue.

Bai, Mendaron bertan grabatu dugu gainera. Irudiak denak aire librekoak dira, eta gero muntaia guk geuk egin dugu. Ikutu satanikoa dauka apur bat; beldurrezko pelikula txiki bat modukoa da.


• Musikatik bizi zarete profesionalki?
Ez, garai batean profesionalki hartu genuen Munlet, baina orain ume bat daukagu eta biok lanean ari garenez, Munlet afizioa da guretzat. Medio gutxi ditugu, eta Internetez zabaltzen dugu bereziki gure musika. Kontzertuak ere lehen baino gutxiago eskaintzen ditugu. Bermeon, Donostian eta Gasteizen joko dugu momentuz. Gure diskoa Internetez erosi daiteke, eta Mendaroko Morroskilo dendan ere jarriko dugu salgai.

Informazio gehiago: