Francis Diez: "Ona bada, zuzeneko emanaldi batek ezin dezake inor epel laga"

Barren.eus 2016ko uzt. 29a, 15:39

Bilboko Doctor Deseo taldeak bere ibilbideko 15. diskoa kaleratu du aurten, "Igual y diferente. Una mirada distinta" izenekoa. Joan den apirilaren 9an hasi zuten disko berria aurkezteko kontzertu-bira Durangon, eta makina bat lekutan jo ostean, San Bartolome Bezpera egunean eskainiko dute kontzertua Elgoibarren (Kalegoen Plaza, 23:00etan). Taldeko abeslari Francis Diezek azaldu dizkigu Elgoibarren eskainiko duten kontzertuaren nondik norakoak.

-Iruñea, Donostia, Gasteiz, Bilbao, Barcelona, Madrid eta Menorkatik pasa ostean eskainiko du kontzertua Elgoibarren.

Bai, errodajea eginda ailegatuko gara Elgoibarrera, eta gogo handiarekin gainera. Estalpeko kontzertuak eskaini ostean aire libreko eszenarioetan, herriko plazetan eta, jotzeko irrikaz gaude. Beste era bateko kontzertuak izateaz aparte, formatuz aldatzea bizigarria da. Gainera, lehen zuzenekoen ostean, hasi gara kontzertuetako errepertorioa aldatzen, momentuko gure gogoaren arabera edo jotzen dugun lekuaren arabera.

-Nolako harrera izan dute disko berriko abestiek?

Durangon eskaini genuen estreinako kontzertuan liluratuta utzi gintuen publikoak. Abesti berriak joz hasi genuen emanaldia eta letra guztiak zekizkiten, nik neuk baino hobeto! (barrez). Hori luxu bat da guretzat. Are gehiago disko berriko soinuarekin arriskatu egin dugula jakinda. Oso pozik gaude disko berriak izan duen harrerarekin.

francis diez doctor deseo Elgoibar zubian

-Nolakoa da Igual y diferente. Una mirada distinta.

Soinuari dagokionez, Cesar Ibarretxe soinu ingeniariak lan bikaina egin du. Influentzia jaso izan dugun musiketako erritmoak sartu eta horiekin jolasteko aukera eman digu: soula aire instrumentuetan, rock-and-roll doinuak gitarretan, garage soinua batzuetan, punk edo psikodelia soinuak zenbait abestitan… eta dantzarako musikako oinarrizko erritmoak sartu ditugu. Bonboak indartuz adibidez, Hip-hop soinuetara hurbiltzen diren soinuak lortu ditu zenbait abestietan. Osagai guzti horiekin jolastu dugu diskoko soinua osatzeko.

Diskoaren abiapuntuan Marcel Proust idazle frantziarraren esaldi bat dago: “Benetako aurkikuntza bidaia, ez da paisai berriak ikustea, dena begi berriekin ikustea baizik”. Hala, lehen abestitik da desberdina diskoa. Ennio Morricone eta Spaguetti Westerrak gogora ekartzen dituen orkestra doinuekin hasten da diskoa. Estreinakoz egin dugu horrelako sarrera orkestratu bat. Film baten hasieran agertzen diren izenburuak irudikatu nahi izan ditugu nolabait. Hortik aurrera, erreala denaren eta sinbolikoa denaren arteko jolasa dago eta benetan inporta zaizkigun sentimenduak jasota daude letretan. Horiexek baitira gure ezaugarri berezkoenak.

-15. diskoa duzue. Ez dira talde kopuru horretara ailegatu direnak. Bistan da etorri handiko taldea zaretela.

Musika zure desioa dela konturatzen zarenean, musikak bizi zaituela dakizunean, kabroi bat moduan lan egitea da musikaren bidea hartzeko modu bakarra. Horixe da egiten duguna, gustatzen zaigunean lan egin, uneoro. Aurrekoaz gainera, musikaren eta pop kulturaren jarraitzaile sutsuak gara eta etengabe xurgatzen ditugu berrikuntzak, esponjak lez. Chuck Berry eta rockaren hastapenetatik hasi eta Arcak musika elektronikora ekarri duen ikuspegi berria bitartean dagoen esparru zabaletik edaten dugu.

-Zuk zeuk, zer musika entzuten duzu?

Era askotako musika entzuten dut. PJ Harveyren azken diskoak txundituta nauka. The Strokes taldea itzuli izanak ere asko poztu nau. Komertzialagoa den arren, Bruno Marsen hainbat gauza ere gogoko ditut. Eta entzuten jarraitzen ditut Dylan edo Cohen. Eta, lehenago esan bezala, Arcak musika elektronikara ekarri dituen haize berriek harritu naute azken aldian.

-Nolakoak dira Doctor Deseoren zuzenekoak?

Zaila egiten zait galdera horri erantzun bat ematen. Gauza berriak bizitzeko gogoarekin igotzen gara gu oholtzara. Oso lagungarria izaten da zuzenekoetarako aldez aurretiko jarrera ona. Gero, musikaren, argiaren eta publikoaren arteko interakziotik sortzen dira istorio politenak, norberaren kontrolpetik kanpo daudenak maiz. Ez zait nire emanaldietako bideoak ikustea gustatzen, baina ikusi izan ditudanetan neu ere harrituta gelditzen naiz oholtza gainean egiteko gai naizen gauzez. Zuzeneko emanaldi batek, ona bada, ezin zaitzake epel laga, ez oholtza gainekoak eta gutxiago publikoa. Zuzenekoak bata bestearen oso antzerakoak direla edo errepikatzen diren sentsazioa dudan unean, lagatzeko unea izango da.

-Nolakoa da Euskal Herrian ematen dituzuen kontzertuetako publikoa?

Ezagutzeko aukera izan dugun publikorik sutsuena mexikarrak dira, zalantzarik gabe. Errealismo magikoa zergatik sortu zen han konturatzen zara, fantasia eta errealitatea modu oso berezian nahasten baitituzte kontzertuetan. Eta publiko euskaldunari dagokionez, aurkakoa dioten topikoetatik aldenduz, beroa dela eta hunkitzeko gaitasun handia duela sumatzen diot nik oholtza gainetik. Eta uste dut ezaugarri berdinak ditugula beste esparru batzuetan ere, sexu-portaeretan, esaterako.

-Nolakoak dira udako kontzertu birak? Desberdina izango da hiri handietan edo Elgoibar moduko herri txiki batean jotzea, ezta?

Oso dibertigarriak dira. Gure lanbide honetan sorkuntza lana da astunena, zerbait berria sortzea. Erditze hori da konplexuena. Eszenatokietatik jaitsi eta lehen planotik ezkutatzen garenean, pertsona eta musikari moduan hobetzen saiatzen gara, zerbait berria sortu ahal izateko. Zalantzak eta beldurrak azaleratzen diren unea ere bada, eta gogorra izaten da sarritan. Gainera, ordu asko sartu behar izaten dira entseguetarako lokalean. Lan berri bat osatutakoan eta harrera ona izan duela nabaritzen dugunean, baina, ospakizunetarako sasoia izaten da. Alegia, kontzertuak ematekoa. Gure azken “umetxoa” polita jaio zaigu eta guztiekin partekatzeko gogoa daukagu. Eta, noski, festa handi bat izan dadila.

-Zein da sekretua Doctor Deseok duen arrakastari horrenbeste denboran eusteko?

Koherentziarekin lan egitea eta astiro lan egitea, pazientziarekin. Garrantzitsua da. Gure lanak mimatu egiten ditugu. Hori horrela izateko funtsezkoa da eszenatokietatik aldendu eta denbora tarte batez bizitza publikoaren pertsiana jaistea. Urtebetez eszenatokietatik aldentzea bizigarria da lan berri eta fresko bat prestatu ahal izateko. Gure kasuan horrela jokatzeak berriz itzultzeko grina handitzen digu. Aurrekoez gainera, lan asko egin behar da eta zorte pixka bat ere beharrezkoa da. Guk nahi izan duguna egiteko aukera izan dugu beti, baina astiro.

-Elgoibar ezagutzen duzu? Jo izan duzue aurrez hemen?

Duela urte mordo bat Elgoibarko dantzaleku batean jo genuela gogoan dut, izenaz akordatzen ez naizen arren. Elgoibarren aire librean eskainiko dugun estreinako kontzertua izango da hortaz guretzat.

-Inoiz pentsatu duzu zer izango zinatekeen musikaria ez bazina?

Betebeharra eta zaletasuna uztartzen saiatu naiz bizitza osoan. Sasoi batean artisau-okindegi bat ere jarri nuen eta astean hiru egunez lan egiten nuen ogiak egiten. Musikarekin partekatu nuen okin lana, eta oso gustura aritu nintzen, baina bietako bat aukeratu behar izan nuen eta musikaren bidean jarraitu nuen. Benetan nahi eta gustatzen zaidanean egiten dut lan, baina amets hori egi bihurtzeko beste lan batzuetan baino gehiago lan egin behar da, eta hala izanik ere, arrakasta ez dago ziurtatuta.