Kultura

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

orkestra sinfonikoa debabarrena elgoibarEibarren estreinako kontzertua egin ondoren Elgoibarren aurkeztuko dute barixakuan Debabarreneko Orkestra Sinfonikoa Herriko Antzokian. Partaideen erdia elgoibartarrak dira eta Jose Miguel Laskurain zuzendariaren esanetara besteak beste filmetako doinuak eskainiko dituzte.

Kontzertuaren aurkezpenean Jose Miguel Laskurainek jakinarazi zuenez, berak orkestra zuzendari ikasketak amaitu zituenean bururatu zitzaion idea izan zen Debabarreneko Orkestra Sinfonikoa sortzea. "Biolina edo txeloa ikasten zutenek, esaterako, ez zeukaten inolako irtenbiderik eskolatik kanpo ikasitakoa jendeari erakusteko". Jendeak interesik azaltzen zuen ikusteko deialdi bat egin zuten eta uste baino jende gehiago gerturatu zitzaien. "Jakin banekien Eibarren ez nuela aurkituko orkestra bat osatzeko adina musikari, beraz, bailara osora zabaldu nuen deialdia. Nire harridurarako jende askok eman zuen izena eta gaur egun 35 lagun gaude, horien erdia elgoibartarrak. Tresna gehienak badauzkagu, baina baten bat falta da, fagota esaterako. Eta musikariak gehitzea ez legoke gaizki, batik bat soka instrumentuak jotzen dituztenak".

Elgoibarren potentzial handia

Askotariko musikariak daude orkestran. Adinari dagokionez, 14 urtetik 62ra bitartekoak, ikasleak batzuk eta besteak aurrez ikasi zutenak eta karrera ikastera iritsi ez ziren arren, zaletasun handia dutenak. "Asmoa da elkartzea ikasi ondoren non jo ez daukan jende hori. Gainera, orkestra batean soka tresnez gain haizezko instrumentuak ere badaude". Entseguak asteburuetan egiten dituzte Eibarko Portalean eta norbait animatuz gero beraiengana jo dezakete.

Iñigo Zearsolo orkestrako kide elgoibartarrak gaineratu zuen, Elgoibarren potentzial handia dagoela. "Inazio Bereziartua musika eskolatik musikari pila bat ateratzen ari da, batik bat soka instrumentuetan momentu askotan irtenbiderik edo aukerarik ikusten ez dutenak eta orkestra honekin ikusiko dute posible dela jotzea. Gainera, balio dezake animatzeko ikasleek jarrai dezaten ikasketekin".

•Kontzertu berezia

Orain dela hilebete aurkezpen kontzertua egin zuten Eibarren, eta, aho zapore ona utzi zienez, errepikatu egingo dute barixakuan Elgoibarren; 20:30ean, Herriko Antzokian.

Bi zati izango ditu emanaldiak. Lehenengoan sei atal dituen obra bat joko dute: Suite clasica de Tomas Aragües. Bigarrenean, berriz, entzuleentzako ezagunagoak izango diren piezak, filmeetakoak: The Gabriel´s oboe; Inno di Giove; La lista de Schindler; Lo imposibleThe Ludlows; Titanic eta The second vals.

Ikusentzuleak eszenatoki gainean

Kontzertuak izango du berezitasunik: Ikusentzulearen aulkia. Iñigo Zearsolok azaldu duenez, "bigarren zatiko hainbat obretan ikusentzule bana igoko da eskenatokira eta aulki bat hutsik egongo da beraientzat. Orkestra barrutik bizi ahal izango dute horrela. Entzuleak zuzendaria atzetik ikustera ohituta daude eta modu honetan zuzendariaren keinuak, musikarien erreakzioak eta soinua bera gertutik biziko dute lau entzulek. Mereziko du bizipen horiek sentitzea".

Borondatea jasotzeko kutxa

Kontzerturako sarrera doan izango da, baina Ane Lahidalga orkestrako musikari eta diruzainak jakinarazi du borondatea jasotzeko kutxa bat ipiniko dutela, orkestra sortu berria izanik oraindik ez dutelako dirulaguntzarik jaso eta beraien gastuei aurre egiteko dirua behar dutelako.

orkestra sinfonikoa debabarrena elgoibar eibarren

orkestra sinfonikoa debabarrena elgoibar eibarren2

 

 

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza