Hiru dantzari elgoibartarrek hartu zuten parte Aurresku txapelketako finalean

Barren.eus 2016ko mai. 25a, 09:20

Gipuzkoako Gazte Mailako Aurresku Txapelketako finala jokatu zuten Errenterian, joan den asteburuan. Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako hiru ikaslek lortu dute aurten finalera iristea eta maila ona eman zuten hirurek.

Azken hilabeteetan finalera heltzeko hainbat herritan kanporaketak egin ostean, 24 dantzarik lortu zuten Gipuzkoako Gazte Mailako Aurresku Txapelketako finala jokatzeko sailkatzea, tartean Aimar Almorza, Markel Goenaga eta Gaizka Uranga dantzari elgoibartarrek. Baiona, Lezo, Azkoitia, Etxarri Aranaz, Altsasu, Ibarra, Donostia, Ziordia, Billabona, Hernani eta Oiartzungo dantzariak ailegatu dira aurten finalera.

Errenteriako Niessen kulturgunean jokatu zen finala eta bi kategoriatan lehiatu ziren dantzariak. A taldean 7 eta 11 urte artekoak aritu ziren, eta B taldean, berriz, 12 eta 15 urte artekoak. Lehen kategorian lehiatu ziren Markel Goenaga eta Aimar Almortza, eta zazpigarren eta hamalaugarren postuak eskuratu zituzten, hurrenez hurren. Gaizka Urangak, berriz, bosgarren postua lortu zuen B taldean. “Bakoitza barruan zeukan dena eman zuen eta gustura aritu ziren dantzan”, azaldu du Jon Lizarralde irakasleak. 

Mikel Esnaola, A sailean, eta Iker Belintxon, B sailean, lezoarrak izan dira 2016ko Gazte Mailako Gipuzkoako Aurreskulari Txapelketaren irabazleak.

Honenbestez, Gazte mailako Aurresku eta Soinu Zahar txapelketak amaitu dira eta irailera arte atseden hartuko dute. Orain, 15 urtetik gorakoen txanda izango da eta irailean eta urrian jokatuko dituzten txapelketak prestatzen hasiko dira horiek.

Lotura duten albisteak: