Uxue Alberdik, Danele Sarriugartek eta Jasone Osorok mahai-ingurua egingo dute Pitxintxun maiatzaren 25ean

Barren.eus 2016ko mai. 20a, 06:58

Jasone Osoro, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugartek hizketaldia egingo dute Unai Villena gidari dutela, Pitxintxu liburu dendan. Mahai-inguruaren izenburua Hiru emakume, hiru idazle: bertakoa eta unibertsalaren artekoa da. Izan ere, ez da oso ohikoa euskaraz aritzen diren hiru idazle, eta hirurak emakumeak, egotea 11.000 biztanleko herri batean.

Jasone Osoro, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte idazle elgoibartarrek idazletza oro har, Elgoibar eta literaturaren arteko harremana, literatur ibilbidea, literatura eta feminismoa landuko dituzte, maiatzaren 25ean, Pitxintxu liburu-dendan eskainiko duten mahai-inguruan (19:00). Donostia 2016 baitan sortu duten (E)zinezko elkarrizketak egitasmoko saioa izango da idazle elgoibartarrek eskainiko dutena.

•2016 Irakurketa egitasmoa Pitxintxun

Donostia 2016ko hamabost proiekturen edukia eta gaiak aintzat hartuta, liburu-saltzaile, liburuzain eta editoreek 366 liburu gomendatu dituzte, 2016 Irakurketa egitasmoaren baitan. Hautatutako nobelak, saiakerak, komikiak, ipuinak eta poema-bildumak eskuragai egongo dira urte guztian apropos sortutako liburu-erakustokietan. Donostian egongo dira gehienak, baina Elgoibarren ere jarriko dute erakustokietako bat, Pitxintxu liburu dendan. Egitasmoaren helburuak irakurketa sustatzea, literaturaren inguruan lanean diharduten eragileen arteko elkarlana bultzatzea, idazlea eta irakurlea hurbiltzea eta diseinuaren alde estetikoa eta funtzionala azpimarratzea. Horretarako, proiektu orokorraren baitan, beste hiru egitasmo egingo dituzte, horietako bat da (E)zinezko elkarrizketak, liburudendek proposatutako hainbat elkartze “berezi”.