Elgoibarko kokalekuak erabili ditu Jesus Andrade artista bilbotarrak bere azken lanean

Barren.eus 2016ko mai. 10a, 14:38

Jesus Cortiñas Andrade artista plastikoak Transito-Igarotzea argazki erakusketa jarriko du ikusgai Bilbon, maiatzaren 13tik 21era bitartean. Erakusketan ikusi ahal izango diren hainbat argazki Elgoibarren atera ditu, Sigmako oinezkoentzako pasabidean, hain justu ere.

Jesus Cortiñas Andrade artistak bere buruari tunel, tren geltoki eta pasabideetan gauez ateratako argazki eta bideoekin osatu du Transito-Igarotzea izeneko erakusketa. Nia eta espazioaren arteko erlazioaren inguruan hausnartu nahi izan du, besteak beste, aurrez aipaturiko espazioetan bere buruari biluzik ateratako erretratuen bidez. Iaz amaitu zituen Arte Ederretako ikasketak eta karrera amaierako proiektutik abiatuta osatu du Igarotzea erakusketa. 

Pasabideetako argazkiak Elgoibarren ateratakoak dira, 2014 amaieran berritu zuten Sigma auzoko pasabidean, hain zuzen ere. Andradek azaldu duenez, Elgoibarren lan egiten duela-eta leku hori ezaguna zuelako aukeratu zuen kokaleku hori.

Esan bezala, maiatzaren 13tik 21era egongo da ikusgai erakusketa Bilboko Uribitarte Galerian (Uribitarte kalea z/g, CCOO sindikatuaren egoitzaren parean). 

  • Erakusketari eta Jesus Cortiñas Andraderi buruzko informazio osoagoa www.jesusandrade.eus webgunean.