Kontari abesbatzak kontzertua eman du gaur Mendaron, udalerriaren 40. urtemugako ekitaldien barruan

Barren.eus 2023ko abe. 30a, 22:51

Mendaro herriaren 40. urtemugako ospakizunen barruan, 8 eta 14 urte bitarteko 38 bat kantari aritu dira gaur San Agustin kulturgunean kantuan, Landarbaso abesbatzaren Kontari taldekoak.

 

Udalerriaren 40. urtemuga ospatzeko ekitaldien baitan antolatu du kontzertua Mendaroko Udalak, eta auzoan jai egun handia izanda egunik onena ez bazirudien ere, antzokiko beheko partea bete egin da emanaldia hasterako. Baserritar jantzita igo dira oholtzara kantariak publiko artetik, eta publikoarekin bat eginda amaitu dute kontzertua ere, oholtzatik jende artera jaitsita. 

Ipuin lehiaketako irabazleak

Kontzertu bukaeran, ipuin lehiaketako sariak banatu dituzte Enetz Ezenarro alkateak eta Dorleta Lazarobaster  zinegotziak. Guztira 803 lagunek parte hartu dute lehiaketan. Hiru maila bereiztu zituen Udalak. LH1etik LH4ra artekoek osatzen duten A taldea, eta iazko irabazlearen ipuina ilustratzea zuten egitekoa. Guztira, 495 lagunek parte hartu dute maila honetan, eta epaimahaiak Paul Mekolalde elgoibartarraren lana nabarmendu du. B mailan LH5etik DBH2ra artekoek parte hartu dute; 237 lagunek guztira, eta Unax Ansola elgoibartarrak jaso du saria. Marrazki bat eman zieten B mailakoei antolatzaileek eta marrazki hartatik abiatuta ipuin bat osatu behar izan dute gazteek. C maila, berriz, DB3 eta DBH4koek osatu dute. Komiki bat osatu behar izan dute haiek, eta Elgoibar Institutuko Maddi Muñozen lana saritu du epaimahaiak. Epaile lanetan, berriz, honakoak aritu dira: Aitor Etxeberria, Jaime Zamakola, Ainara Argoitia, Iñaki Goitia, Olaia Revert eta Amagoia Zabala.

2023 12 30 Mendaroko ipuin lehiaketako irabazleak

 
 
Mendaroren 40.urtemugako lehiaketako sari banaketa ekitaldia
Ipuin lehiaketako sariez gain, baina, Mendaroko Udalak urteurrenaren harira antolatu duen lehiaketako sariak ere banatu dituzte, zozketaz.  Abenduan, astero, herriko ondare eta historiari buruzko lau galdera zabaldu ditu Mendaroko Udalak, eta galderak ondo erantzun dituztenen artean sei sari zozkatu dituzte gaur. Aretoan bertan egin dute zozketa, Kontari abesbatzako bi gaztetxok lagunduta. Galderak zuzen erantzun dituen parte-hartzaile bakoitzari zenbaki bat izendatu diote, eta zenbaki guztiak bi kutxatan sartu dituzte: batean, ikastolan erantzun dutenei esleitutako zenbakiak sartu dituzte, eta bestean, Morroskillon eta udaletxean erantzun dituztenenak. Ikastolako kutxatik bi zenbaki atera dituzte kantariek, eta beste kutxatik lau, eta honako hauek izan dira irabazleak. 
 
Ikastolan parte hartu duten ikasleen artean: Libe Zulaika eta Jakes Lazarobaster
Erantzunak Morroskillon eta udaletxean laga dituztenen artean: Josu Bedialauneta, Ainhoa Urbieta, Carolina Sanchez eta Luken Zulaika.
Sarituak suertatu direnen artetik bakarra zegoen gaur aretoan zozketa egin den unean, Libe Zulaika. Gainerakoekin datozen egunetan jarriko dira harremanetan Udalekoak, sariak banatzeko. 

2023 12 30 Mendaro40urte lehiaketako irabazleak

2023 12 30 Kontari abesbatzakoak1
 
2023 12 30 Kontariko abeslariak
 
2023 12 30 kontari abesbatzakoak2