Lezoko dantzarien erakustaldia Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketan

Barren.eus 2016ko api. 11a, 17:51

Aurresku eta soinu zahar txapelketako jardunaldia jokatu da asteburuan, zapatuan eta domekan, Elgoibarren. Euskal Herri osotik etorritako 58 neska-mutil igo dira Herriko Antzokiko oholtza gainera, tartean 11 dantzari elgoibartar. (argazkiak dauzka)

Sailkapenari erreparatuz gero, Lezoko dantzariak nabarmendu dira, puntu gehien eskuratu dituzte-eta zapatuko zein domekako dantza saioetako puntuazioak batuz gero. Dantzari elgoibartarrek ere maila ona eman dute. Domekan dantza egin zuten 11 eta 15 urte artekoen kategorian bigarren postua eskuratu zuen Nerea Sasiainek eta bosgarren egin zuen Gaizka Urangak. Edonola ere, sailkapenak baino gehiago beste balore batzuek lehenesten dituzte Inazio Bereziartuako dantza arduradunek. “Dantzan eginez disfrutatzea, euren maila hobetzeko ahalegina egitea eta lagun berriak egiteko aukera izatea da era honetako txapelketek eskaintzen digutena”, azaldu dute. Oraingoan gainera, senide eta lagunen aurrean dantza egiteko aukera izan dutela nabarmendu dute. “Beste behin ere, dantzari gazte hauek eszenatoki gainean egiten duten lanari begira asteburu ederra pasa dugu. Urduritasunak eta tentsio uneak ere bizi izan dituzte, baina egunetik egunera hobeto eta askeago dantza egiten ikusteak ez dauka preziorik. Horrexek betetzen gaitu”. 

2016 04 10 aurreskusoinuzahar elg

2016 04 10 aurreskusoinuzahar laukotea

2016 04 10 aurreskusoinuzahar txistu

2016 04 10 ElgoibarkoXVAurreskuSoinuzahar

2016 04 10 aurreskusoinuzahar uranga

2016 04 10 aurreskusoinuzahar nesk

2016 04 10 aurreskusoinuzahar irabazlea

2016 04 10 aurreskusoinuzahar 1