33 urteko bidai luze baten azken geldialdia

Barren.eus 2023ko urt. 31a, 18:22

'El Diario Vasco' egunkarian kronikak argitaratzeari laga dio gaur Aitor Zabala kazetari elgoibartarrak. 33 urtez izan da Elgoibarko berriemailea egunkari horretarako.

Irakurleenganako eta laguntza eman dioten herritarrenganako esker onez betetako oharra idatzi du Zabalak egunkarian argitaratu duten bere azken kronikan; eta, bere baimenaz, hona ekarri dugu, euskaratua.

"1989ko ekaineko egun batean idatzi nuen Diario Vasco egunkariarentzako estreinako kronika Elgoibarko korrespontsal moduan. Hor hasi nuen gaur, urtarrilak 31, itxi dudan ziklo bat. Kronika honekin amaitutzat ematen dut zuekin, egunkari honetako orrietan tokiko informazioa eskuratzeko kioskoetara jotzen duzuen irakurleokin, eduki dudan hartu-emana. Aurrerantzean lankide batek emango dio segida harreman horri. Mila esker zuen fideltasunagatik.
Agurrean gogoan zaituztet urte guzti hauetan korrespontsal honengana interesekoa izan zitekeen informazioarekin gerturatu zareten lagun guztiok. Nire lana izugarri erraztu duen iturri agortezina izan zarete. Horietako asko dagoeneko ez daude gurekin, baina denak ditut gogoan, oso. Era berean, ez ditut aipatu eta goraipatu gabe laga nahi Elgoibarko elkarte eta kirol-taldeetan lanean diharduten emakumeak eta gizonak. Herria hobetzen duzuelako. Plazer bat izan da egiten duzuenaren bozgorailu izatea. Mila esker bidai honetan bidailagun izan zareten guztioi, baita eurek nahi izango luketen moduan gairen bat landu ez dudala-eta huts egin diedala uste duten horiei ere. Agur guztioi eta izan zoriontsu".

Edonola ere, Zabalak ez dauka erretiroa hartzeko asmorik -edo aukerarik- oraingoz. Kazetaritzan jarraituko du Noticias de Gipuzkoa egunkarian. Debabarrena eta Urola kostako herrietako gaiak landuko ditu. 'Diario Vasco'n, berriz, Jabi Leon kazetari elgoibartarrak emango du aurrerantzean Elgoibar, Mendaro eta Debabarreneko beste zenbait herritako (Soraluze, Deba eta Mutriku) berri.

2023 01 31 aitor zabala kazetaria elgoibar BARREN kolor 1