Guaixe, Geuria, GiTB eta Karkara toki komunikabideen lanak irabazle 2021eko Tokikom Sarietan

Barren.eus 2021ko aza. 12a, 16:37

Toki komunikabideetan egiten den kazetaritza lanaren kalitatea aldarrikatzea xede, lau sari banatu dituzte Tokikom Sarietan; kategoria ezberdinetan, Sakanako Guaixe aldizkaria, Hego Uribeko Geuria, Goierri Irrati-Telebista eta Karkara aldizkaria izan dira aurtengo irabazleak.

Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan egin duten ekitaldian banatu dituzte seigarren urtez antolatu dituzten Tokikom Sariak. Komunitatea josten jardunaldia egin da sari banaketarekin batera, BBC, eldiario.es eta Het Belang Van Limburg hedabideetako adituen ekarpenekin.

Euskal Herriko 76 toki komunikabideen bilguneak antolatu du ekimena, EITBren laguntzarekin, eta besteak beste, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Paula Kasares Nafarroako Euskarabideako planifikazio eta promozio arduraduna, eta Garbiñe Mendizabal zein Xabier Arauzo, Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundietako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak izan dira ekitaldian.

Iban Arantzabal Tokikomeko presidenteak pertsonalizazioa, berrikuntza eta edukiaren egokitasuna izan ditu hizpide egin duen hitzartzean, "norbanako, enpresa eta erakundeekin komunitatea josteak" duen garrantzia azpimarratuz. Alkortak globalizazioaren garaian euskaratik eta euskaraz sortutako tokiko edukiak duen garrantzia goretsi nahi izan du, "gazteengana heltzea" erronka gisa identifikatuz. Kasaresek "estrategikotzat" definitu du euskarazko tokiko hedabideen sektorea, eta bide berean mintzatu dira Mendizabal eta Arauzo ere; azkenaren hitzetan, "etorkizunean erakundeen eta tokiko hedabideen artean sare sendoa izatea" dute helburu.

Lau irabazle
Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileen gidaritzapean eman dira jakitera Tokikom Sariak 2021 sariketako irabazleak. 34 komunikabideetako 57 lan aztertu ostean, bederatzi finalista izan dira. Kazetaritza sariak emateko epaimahaia Maria Gorosarri Gonzalezek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute. Hiru epaimahaikideak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmentzean, eta azpimarratu dute maila igotzen doala urtez urte, aukeraketa gero eta zailagoa suertatzen delarik. Honakoak izan dira saridunak:

  • AZALIK ONENAREN SARIA Sakanako Guaixe aldizkariaren ‘Uda Sakanan’ lanarentzat izan da. Alde estetikotik txukuna eta bizia izateaz gain, Sakanako Guaixe astekariak udako zenbaki berezirako landutako azalak balio informatibo handia ere badu, eta primeran islatzen du eskualdeko mapa erreferentziala. Begi-kolpe batean ikusten da herri bakoitzean zer dagoen, eta bertako ondare natural eta kulturala oso modu bisualean islatzen da.
  • EDUKIRIK ONENAREN SARIA Hego Uribeko Geuria aldizkariarentzat izan da, “Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak” monografikoagatik. Hego Uribeko Geuria hilabetekariak hainbat uztarketa interesgarri egin zituen, berak ere udako zenbaki berezian. Alde batetik gaia, hainbat fenomeno global (aldaketa klimatikoa, kontsumismoa, hirigintza) tokiko ikuspegitik lantzen. Lanketa horretan, gainera, kazetaritza genero ezberdinak eta informazio iturri anitzak ere uztartu ditu. Testuaren eta alde grafikoaren arteko oreka ere mimo handiz zainduta dago, bai eta online eta offline euskarrien artekoa ere: infografiak, ilustrazioak, argazkiak eta bideoak ez dira falta, ez eta paperezko edukia digitalarekin lotzeko QR kodeak.
  • IKUS-ENTZUNEZKORIK ONENAREN SARIA Goierri Irrati-Telebistak jaso du, “Ateak itxi, leihoak ireki” lanari esker. Goierri Irrati-Telebistak lan bikaina egin du, Covid19aren ondoriozko itxialditik urtebetera, orain hain urrun geratzen zaigun esperientzia kolektibo horren testigantza gordetzeko. Etxealdiko esperientziaren ikuspegi eta errelato zabala eskaintzen du, hainbat herritarren bizipenak eta oroitzapenak jasoz, estetika oso zainduarekin eta edukia hitzen bidez ez ezik, irudiak erabiliz ere transmititzeko ahalegina eginez. Gerora begira ere, dokumentu ederra da, etorkizuneko ikusleek jakin dezaten nola bizi izan den itxialdia bertatik bertara.
  • Laugarren sari bat ere banatu da: KOMUNITATEAREN SARIA. Sari hau publikoak erabaki du, internet bidezko bozketa egiteko galdetegi baten bitartez. Aukerarik bozkatuena, jasotako 373 bozken %25arekin, Karkara aldizkariak aurkeztutako “Bandera da Orion” portada ederra izan da.

LAN GUZTIAK  IKUSGAI: Bederatzi lan finalistak, tartean lau saridunak, sariketaren webgunean daude ikusgai.

Irakurleei entzutea
Esther Alonso eldiario.es hedabide madrildarreko kazetariak ireki du gogoetarako bidea Komunitatea josten jardunaldian. Alonsoren hitzetan, “komunitateari garrantzi handia” ematen diote: “Irakurleei entzutea ezinbestekoa da”. Datuen analisian jarri du enfasia, hutsetatik ikastean, analitikari garrantzia eman behar zaiola argudiatuz. Hala ere, hortik aurrera jauzi bat eman beharra azpimarratu du 2022an 10 urte beteko dituen hedabide madrildarreko kazetariak. Adierazi duenez, “egun ezin ditugu irakurleak soilik bilatu, gure proiektuarekin konplizeak diren herritarrak baizik”. Bide horretan, eldiario.es-ek gardentasunean eta fidelizazioan ahalegin berezia egiten duela azpimarratu du.

Pertsonalizazioaren garrantzia
Het Velang Van Limburg egunkari belgikarreko Arno Schepers-en hitzartzeak eman dio jarraipena, atsedenaren ostean, gaurko jardunaldiari. 800.000 biztanleko lurralde batean, astelehenetik zapatura paperezko egunkari bat eta asteko egun eta ordu guztietan sarean jarduten duen hedabidea da. Hain zuzen, azken honi eman nahi izan dio garrantzia: “Lehentasuna ematen diogu sareko edukiari, eta ostean egiten dugu papereko edukien hautaketa”.

Bide horretan, eta etorkizuneko kazetaritza sarean oinarrituko dela sinetsita, edukien pertsonalizazioan eta herritar gazteengan jarri nahi izan du enfasia. “Etiketen bidez, erabiltzaile bakoitzari interesatzen zaion edukia eskaintzen diogu; albisteetatik, ikus-entzunezko, buletin edota iragarkietara. Eta bide berean egokitzen ari gara harpidetzak, gazteei begira, sareko kontsumo azkarrari begira”, adierazi du. Schepers-en hitzetan, egunkariaren balorea “irakurle anonimoak zein harpidedunak balorean jartzea da”, eta edukien bidez lortzen omen dute hori.

Konfiantzan oinarritutako elkarlana
EITBko zuzendari Unai Iparragirrek aurkeztu du eguneko hirugarren eta azken hitzaldia, “mundu mailan erreferenteetako bat den komunikabide publikoak” eskainia. BBC eta toki komunikabideen artean osatu duten Local News Partnership egitasmoko zuzendari den Matthew Barraclough-ek “nazio hedabideen eta tokiko hedabideen arteko konfiantzan oinarritutako elkarlana” oinarri dutela adierazi du. “BBCk formakuntzak, laguntzak eta ekitaldiak eskainiz eta tokiko hedabideek, aldiz, albisteak”, azken bost urteetan ehundaka kolaborazio egin dituztela adierazi du, bai paperean, eta baita ikus-entzunezkoetan zein sarean. “Tokiko albisteek astean 8-10 milioi ikustaldi dituzte gure hedabidean”.

Herrietako demokrazia eta gardentasuna aipatu ditu, “tokiko komunikabideek politikan eta herrietako demokrazian eragin zuzena dutela” jakitun direlako; “hori da beraien balore nagusia”. Bide horretan, eta elkarren arteko gardentasuna eta zintzotasuna oinarri, tokiko politikari lotuta ulertzen dute kolaborazioa: “Helburua ez da albisteen lehentasuna zalantzan jartzea, ez dugu hedabideen arteko konpetentzia sustatu nahi”, mintzatu da. Bere hitzetan, “gisa honetako kolaborazioetan oso garbi izan behar dute bi aldeek zertan kolaboratzen duten, zeintzuk diren elkarbanatzen dituzten esparruak”. Eta Barraclough-ek hitzartzean adierazi bezala, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren arteko egitasmoak aurrera jarraituko du, “bi aldeok irabazten dugulako”.

Iturria eta argazkiak: goiena.eus eta tokikom.eus

2021 11 12 Tokikom sariak komunitatea josten jardunaldiko hizlariak