Iban Arantzabal izango da TOKIKOMeko presidente berria

Barren.eus 2021ko api. 23a, 12:45

Segurtasun neurriek baldintzatuta, gaur egin du Urteko Batzar Orokorra TOKIKOMek, euskarazko 70 toki komunikabide batzen dituen taldeak. 2020. urte gorabeheratsuaren errepasoa egin eta 2021eko kudeaketa plana onartzeaz gain, toki komunikabideen bateraguneak bazkide berriak onartu eta presidente berria ere izendatu du.

Jone Guenetxeak, Durangaldeko Anboto astekaria eta orainkariaren zuzendariak, 2017an hartu zuen ardura, Urko Aristiren ordez, eta lau urteren ondoren lekukoa pasatzeko garaia dela iruditu zaio. “Lau urteotan sektorearen eta tokiko sarearen ikuspuntu osoagoa izateko aukera paregabea izan dut. Urte hauetan, aurrerapauso garrantzitsuak egin ditugu elkarrekin: hor dago, esaterako, Hekimenekin eta EAEko erakundeekin landutako diru-laguntzen marko berria. Era berean, TOKIKOM osatzen dugun hedabideon taldeak geroz eta kohesio handiagoa duela esango nuke, eta hori denon lanari esker izan da”. Guenetxeak azken urte honetako balorazioa ere egin du: “Sektore guztietan legez, pandemiak gure egunerokotasunean eragin zuzena izan du. Alde ekonomikotik, egoera kezkagarria da. Hala ere, gure komunitateak kalitatezko informazioa behar duen sasoi honetan, gure lana inoiz baino garrantzitsuagoa dela ikusi dugu. Konfinamenduko eta horren osteko audientzia datuek erakusten dute krisi sasoian herritarrek tokiko informazioa ezagutu gura dutela. Zero kilometroa gara, eta herritarrek horixe eskatu dute”. Guenetxeak urteotan emandako beste aurrerapauso bat azpimarratu du. “Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanak estutzea lortu dugula nabarmenduko nuke. Elkarlanean, Bizkaiko euskarazko tokiko hedabideak indartzeko pausoak ematen hasi gara eta hori albiste pozgarria da”.

Joneren Guenetxearen lekukoa Iban Arantzabalek jaso du. Arantzabal pertsona ezaguna da euskarazko komunikabideen alorrean. Goienari lotuta ageri da batez ere bere izena, baina TOKIKOMen sorreratik oso aktibo dabil taldea dinamizatu eta ordezkatzeko lanetan. Arantzabalek ondorengo hitzak esan ditu kargua hartzerakoan: “Uste dut ez dela zaila izango TOKIKOMen aro berri honetan ardura berri hau betetzea. Ez kargu honek ez duelako zailtasunik, baizik eta TOKIKOM osatzen duten hedabideetan talde humano bikaina dagoelako, presidentzia hau baino askoz ere inportanteagoa den talde-giro profesionala. Administrazio kontseilutik hasita, norabide adostuarekin dihardu lanean TOKIKOMek, eta hedabideoi akuilua sartzen digun hiruko lantaldearekin badago kapazitatea nabarmenduko diren pausoak emateko. Antzerako beharrak eta antzerako erronkak ditugu mahai gainean herri eta eskualdeetako hedabideok, eta badakigu batuta garela eraginkorragoak norbere egitekoetan. Gainera, horrela bakarrik izango gara kapazak denborek eskatzen duten azkartasunez aukera berriei erantzuteko. 2021ean bertan badugu nahikoa zeregin: Itun berria sinatzea nahi genuke Eusko Jaurlaritza eta Aldundiekin. Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan gaude, eta proposamenak lantzen ari gara bertako bazkideekin batera. Bestalde, Udaletako laguntzen garrantziaz jabearazi oraindik konturatu ez dena, herriz herriko komertzioarekin elkarlanean jardun eta zerbitzu berriak eskaini. Gure ikus-entzule eta irakurlea mimatu nahi dugu erdigunean jarriz eta mundu aldakor hau irakurtzeko testuingurua eman kazetaritza zintzoa eginez: sinesgarri, gertuko, denentzako eta euskaldun. Esku bete lan daukagu hurrengo hiru urteetan. Arduraz, baina TOKIKOMen lantalde on bat dagoela sinetsita hartzen dut lekukoa; ez litzateke txarra aurreko presidenteak egindako beste lan eginda uztea TOKIKOM indartsu bat, lantalde honek egingo du”.

Bestalde, bi bazkide berri onartu ditu TOKIKOMek gaurko Batzar Orokorrean:  Alde batetik, Tolosaldeko Ataria, azken urteotan TOKIKOM Plataforma digitalaren erabiltzaile izatetik, orain bazkide oso izatera pasatu dena. Eta, beste alde batetik Bizkaiko Arratia bailarako Begitu hamaboskaria, bere jardun osoari, eta batez ere internetekoari, astinaldi handia eman nahi diona.