Bruno Guerrero: “Umetatik ditut gustuko galdera-erantzun estiloko lehiaketak”

Barren.eus 2020ko aza. 20a, 10:42

Euskal Telebistak eman duen saririk handienetarikoa irabazi berri du Bruno Guerrerok (Extremadura, 1972) ‘Atrápame si puedes’ lehiaketan. 147.000 euro poltsikoratu ditu. Tornularia da ogibidez, baina betidanik gustatu izan zaizkio galdera-erantzun estiloko lehiaketak. Umetatik ikusi izan ditu telebistaz, eta 2008an animatu zen estreinakoz horietako lehiaketa batean parte hartzera. ‘El Gran quiz’ izan zen bere estreinako lehiaketa, eta ordutik, sarritan parte hartu izan du Patxi Alonsok gidatzen duen ETB2-ko lehiaketan. Eskura izan du behin baino gehiagotan sari potoloa, eta azkenean lortu du irabaztea. Pozez zoratzen dago, bai sariagatik eta baita herritarrek erakutsi dioten babesagatik ere.

  • 147.000 euro. Zer sentitu zenuen azken erantzun zuzena eman eta zerutik euroak erortzen hasi zirenean?
Une horretan lasaitasuna sentitu nuen. Ordu asko sartu behar izan ditut hau lortzeko eta gogorra izan da. Ez da lehiaketarik zailena, baina denetik jakitea eskatzen du, eta gai batzuetan nahiko makal nengoen. Adibidez, Estatu Batuetako historiari buruz sarritan galdetzen dute eta gai horri ordu asko eskaini dizkiot. Ezin nuen sinetsi, pozez kabitu ezinda sentitu nintzen.

 • Behin baino gehiagotan izan duzu saria eskura, eta azkenean lortu duzu.
Bai, bi aldiz izan nuen esku-eskura sari nagusia, baina bietan ihes egin zidan, eta larrituta nengoen. Baten, gainera, banekien erantzun zuzena zein zen, baina ez zitzaidan erantzun zuzena etorri. Diruarekin itsututa nengoen eta urduritasunak ez zidan batere lagundu. Horrelako lehiaketetan diruaz apur bat ahaztu eta gozatzea ere oso garrantzitsua da. Lasaitu eta gozatzen hasi nintzenean hasi nintzen benetan ondo jokatzen.

 • Oraingoan, baina ez zenuen huts egin. Indio sioux baten izena eskatu zizuten, eta asmatu zenuen.
Hiru indio sioux ezagutzen nituen. Bata Nube Roja zen, baina izen hori galderan bertan zetorren, beraz, ezin zen erantzuna izan. Bestea ‘Toro Sentado' zen, baina ez zen zuzena, badaezpada, Jeronimo ere bota nuen eta azken aukera bezala 'Caballo loco' neukan eta huraxe izan zen erantzun zuzena.

2020 11 20 Bruno guerrero atrapamesipuedes

 • Nola egiten duzu hainbeste informazio gordetzeko buruan?
Ba ez dakit, baina erraztasuna daukat datuak eta munduko tontokeriarik handienak gogoratzeko. Zerbaitek interesa pizten badit, gustatzen zait gaian sakontzea. Une honetan 'Un kilo de cultura general' liburua irakurtzen ari naiz, beste lehiaketa baten ezagutu nuen lagun batek gomendatuta, eta liburu horretan informazio pila bat dator. Datu pila bat daude, eta datu bakoitza sakontzen hasita, ez da erraz amaitzen haria. Gaur Interneti esker oso erraza da informazioan sakontzea. Kuriositate handia izan dut beti, eta erraz geratzen zaizkit gauzak gogoan.

 • Nolako esperientzia izan da?
Oso-oso ona. Patxi Alonsok bikain gidatzen du saioa, baina atzetik sekulako lantaldea dauka. Koronabirusaren eraginez dinamika apur bat aldatuta dago aurtengo edizioan: astelehenetik eguenera izaten da ohiko programa eta barikutik domekara 'Conquis'eko lehiakideena. Horrez gain, partaide bat gutxiago egoten da orain, distantziak mantendu ahal izateko. Ni zortzi astez egon naiz, 32 egunez. Astebeterako joan nintzen, baina jarraitzeko aukera ematen zigutenez, hantxe egon naiz saria lortu dudan arte. Ez da erraza izan lanarekin uztartzea. Askotan gauez egiten dut lan, eta zuzenean joaten nintzen Miramonera grabatzera, gaupasa eginda. Lanetik irten, dutxa bat hartu eta lorik egin gabe lehiaketara. Bukaerarako oso nekatuta nengoela igartzen nuen, eta gainera oso exijentea naizenez, nire burua izugarri presionatzen nuen.

 • Nondik datorkizu lehiaketetarako zaletasuna?
Umetatik ditut gustuko galdera-erantzun estiloko lehiaketak. 9 urte nituela apendizetik operatu ninduten, eta nire kezkarik handiena zen bariku hartan ezin izango nuela 'Un, dos, tres' saioa ikusi. Ni umea nintzenean bi telebista kate bakarrik zeuden, eta horiek ikusten genituen, eta haietako batean ematen zuten 'El tiempo es oro'. Izugarri gustatzen zitzaidan. Orain dela 12 urte animatu nintzen 'El gran quiz' lehiaketara, eta hara joateko ikasi behar izan nuen materialak asko lagundu dit oraingorako ere. 40.000 galderako txosten bat eman zidaten, eta 38.000tik gora ikasi nituen buruz.

 • Ba al daukazu beste lehiaketaren batean parte hartzeko asmorik?
Agian bai. Esan zidaten programa bereziren bat egiten dutenean deituko didatela, eta gustura itzuliko naiz. 'Boom' lehiaketara joateko taldea osatzen saiatzen ari naiz, baina ez dago erraza. Pare bat konbentzituta ditut, baina falta zaigu laugarren bat. Saiatu nintzen 'Ahora Caigo' lehiaketara joaten ere, baina casting-a oso gaizki egin nuen eta ez zidaten deitu. Betaurrekoak ahaztu zitzaizkidan eta ez nuen piparrik ere ikusten! 'Pasapalabra' lehiaketarako ere egin nuen Bilbon castinga, baina ez ninduten aukeratu, eta 'Saber y Ganar’ lehiaketara ere idatzi nuen gutuna, baina han esan zidaten goi mailako ikasketak dituzten lehiakideak nahi zituztela. Ez zitzaidan batere gustatu erantzuna; gauzak esateko beste modu batzuk ere badaude. Ikasketarik gabeko jendeak ere ezagutza handia eduki dezake. Sekulako amorrua eman zidan, eta ordutik ez dut lehiaketa hori ikusi. Nik ez nuen ikasteko aukerarik izan; etxean dirua behar zen eta oinarrizko ikasketak soilik egin nituen. Gazte hasi nintzen lanean, etxean lagundu ahal izateko. 15 urte nituela Madrilera Madrilera joan ginen, eta gero Euskal Herrira. Altzolara iritsi nintzen, eta ondo baino hobeto bizi naiz bertan. Niri korrika egitera irtetea gustatzen zait, eta horretarako oso leku lasaia da Altzola.

 • Zer egingo duzu irabazitako sariarekin?
Momentuz etxearen hipoteka kendu eta lasai bizi. Oso ondo etorri zait dirua, egia esanda, justuan genbiltzan-eta. Haziendak %40 kendu dit, baina hala ere, diru kantitate polita ekarri dut etxera. Gabonetan bidai bat egitea ere nahi nuen, baina koronabirusaren kontu honekin zaila ikusten dut.

 • Saria irabazi zenuela bada hilabete inguru. Zaila egin zaizu isilik gordetzea?
Oso zaila. Etxera etorri nintzenean pentsatu nuen emazteari ere ez niola esango, baina ezin izan nuen eutsi. Seme nagusiari ere kontatu nion, baina beste inori ez. Jendeak programa ikusi zuenean zorion mezuak iristen hasi zitzaizkidan toki guztietatik. Semeari eskatu nion whatsappa kudeatzen laguntzeko, ezin nituelako mezu guztiak erantzun. Kalean ere jende pila batek geratu nau, eta denek zoriondu naute. Nire emaztearen ahizpa gaztea lehiaketaren jarraitzaile sutsua da, eta ikusi zuenean deitu egin zidan esanez nola ez nion kontatu!. Baina ezin nuen! Horrela gainera, gusturago bizi zuen nire garaipena. Ezagutzen ez dudan jendearen mezuak ere iritsi zaizkit. 85 urteko amona batek idatzi zidan, eskuz, etxera. Nire helbiderik ere ez zuen jarri “Altzolan bizi den Bruno Guerrerorentzat” jarri zuen azalean eta postariak ekarri zidan. Gauza oso politak idatzi zituen, baina ez zuen bere helbiderik jarri eta ezin izan diot erantzun. Pena izan da. Saiatu naiz jaso ditudan mezu guztiak erantzuten, baina zoratzekoa izan da.

2020 11 20 bruno guerrero elgoibar saria atrapamesipuedes v1

∞Lotura duten albisteak: