Publikoak botoa emateko aukera du TOKIKOM Sarien 2020ko edizioan

Barren.eus 2020ko aza. 3a, 17:22

TOKIKOM Sariak emango ditu bosgarren urtez jarraian TOKIKOMek, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lana aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Aurten Komunitatearen saria emango dute estreinakoz. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren boto gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori.

 Sariok TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Osasun egoera asko baldintzatzen ari da komunikabideen jarduna, baita sari hauen antolaketa ere. TOKIKOMek egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, egoera berrira moldatu eta haren helburuari ahalik eta ondoen eutsi ahal izateko.
 • Azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena
Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz. Iazko sarietan BARREN aldizkariak aurkeztutako azal bat izan zen finalistetako bat.

 • Komunitatearen saria
Berrikuntza gisa, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren boto gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz.

TOKIKOMetik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. TOKIKOMeko Komunikazio Arduradunak, Joxe Rojasek, azaldu duenez, “alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin”.

 • Ezohiko sari banaketa
Tokikom Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalean, aurreko edizioko lan irabazlearen herrian izaten da ekitaldia, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta. Sari banaketaren inguruko xehetasunak egun gutxi barru jakinaraziko dira.