Euskal Telebistak inoiz eman duen diru-sari handienetarikoa irabazi du Bruno Guerrero elgoibartarrak

Barren.eus 2020ko aza. 2a, 21:11

Bruno Guerrero elgoibartarrak irabazi du "Atrápame si Puedes" telebista saioko sari handia, 147.000 euro.

 Altzolako bizilaguna eta ogibidez tornularia da Bruno Guerrero, eta horrez gainera telebista saioetan, lehiaketetan bereziki, parte hartu zalea da. Elgoibartarrak Euskal Telebistaren historiako sari handienetako bat irabaztea lortu du orain, 147.000 euro.

Patxi Alonsok gidatzen duen "Atrápame si Puedes" telebista saioaren zazpigarren denboraldiko lehiakide nagusietako bat izan da Bruno Guerrero azken asteotan, behin baino gehiagotan hurbildu baita zakura 'azken minutua´n. Saio honetan, bost lehiakideren artean hobekien moldatzen dena sailkatzen da azken txanparako, 'Azken minutua'. Egunez egun pilatzen den zakuan dagoen dirua irabazteko Patxi Alonsok eginiko bost galdera zuzen erantzun behar ditu lehiakideak. Gaur, azaroak 2, emititu duten saioan 147.000 euroan zegoen diruaren zakua, eta Bruno Guerrerok irabazi du, bost galderak zuzen erantzun eta gero. Besteak beste, 'Memorias de África' eleberria ze herrialdetan dagoen girotuta edo Fettermanen hilketan parte hartu zuen sioux buruzagiari -Zaldi Ero- buruzko galdera erantzun behar izan ditu.
Lasaiago bizi eta familiaz gehiago gozatzeko nahi zuen saria elgoibartarrak. Dirua hipoteka ordaintzeko eta dituen bi umeekin eta emaztearekin bidaia bat egiteko erabiliko dituela ere esan du.

Sekulako poza hartu du Guerrerok saria irabazi duenean, ondorengo bideoan ikus dezakezuen moduan:

"Atrápame si Puedes" lehiaketa astelehenetik barikuetara ematen dute ETB2 katean, 14:00etan, eta eitb.eus-en Nahieran.

∞Lotura duten albisteak: