Hasier Etxeberria euskaldun ezagunekin solasean arituko da ‘Euskaldunak’ telebista saioan

Barren.eus 2015ko ira. 4a, 15:27

‘Euskaldunak’ izeneko saioa estreinatu zuen ETB1ek abuztu amaieran. Saio bakoitzean zer esan asko duten hiru euskaldunekin bilduko da Hasier Etxeberria Gaztelun, elkarrekin patxadaz mintza daitezen. Datorren domekan eskainiko duten saioan, esaterako, Julen Madariaga, Txaro Arteaga eta Judas Arrieta izango ditu gonbidatu. Lehen saioak izan duen audientzia ikusita, baina, kazetari elgoibartarra ez dago erabat gustura, “gauza da ez dugula hautsik harrotu ez eta ere olaturik sortu bazterretan”. 

Hasier Etxeberriak Anne Igartiburu, Hilario Arbelaitz eta Bernardo Atxagarekin egindako Euskaldunak saioaren atal berezia eskaini zuen ETBk Gabonetan, eta abuztuaren 28an eskaini zuten bigarren saioan Miren Agur Meabe, Xabier Amuriza eta Pedro Miguel Etxenike aritu ziren solasean Etxeberriarekin, euren bizitzaz, lanaz eta mundua ikusteko eraz. Beste hiru atal berri eskainiko dituzte irailean, datorren domekan lehena. Judas Arrieta, Txinan urte asko eman dituen artista, Txaro Arteaga, kazetari eta Emakundeko zuzendari nagusi ohia, eta Julen Madariaga, ETAren sortzaileetako bat izan zena solaskide izan ziren saioa emango du ETB1ek 21:45ean. Saio horren ostean, Atxaga, Igartiburu eta Arbelaitz protagonista diren atala errepikatuko dute. Edonola ere, eitb.eus atarian ikusgai daude Euskaldunak saioko lehen bi atalak. 

Hurrengo saio batean, Iñaki Perurena harri-jasotzaile eta aktorea, Arantxa Urretabizkaia idazlea eta Joseba Errekalde, New Yorkeko Petrossian jatetxean jangelako buru izandakoa eta gaur egun Harri-Beltza hiesaren aurkako elkartearen presidente dena, bilduko ditu Hasier Etxeberriak. Hurrengoan, berriz, Pello Zabala, fraide frantziskotarra eta eguraldian aditua, Kontxu Odriozola, 'Goenkale'ko Maria Luisa ezaguna, eta Jon Plazaola 'Allí Abajo' telesaileko protagonista hurbilduko dira Gaztelura.

• Audientzien menpe

Hasier Etxeberriak adierazi duenez, ez dakite egindako atalez gain besterik izango ote den. Izan ere, eman diren lehen atalek izan dutena baino audientzia datu hobeak espero zituen Etxeberriak. “Gurekin izan dira, gauza bategatik edo bestegatik, azpimarratzeko modukoak diren euskal jende jator askoak. Baina nik ez dakit izango den ez dugulako asmatu, ez garelako horretarako jaioak edo euskaldunok okapiak baino arraroagoak garelako telebista kontsumitzeko orduan, gauza da ez dugula hautsik harrotu ez eta ere olaturik sortu bazterretan. Joan den igandean eskaini genuen saioak apenas gainditu zituen katearen datu kaxkarrak. Bai, beti bada hitz gozoekin hurbiltzen denik egindako lana eskertzera, baina hori baino gehiagoren bila abiatuak ginen egitasmo honekin. Esperantza handia zen gurea. Hala ere, ematen du ez dela amestutako lurrikararik izan”, idatzi du Etxeberriak Zuzeu orainkarian duen Alua Mundua! blogean. 1984an ETBn lanean hasi zenetik Euskal Telebistarekin izan duen harremanaz ere idatzi du Etxeberriak ‘Telebistan euskaraz lan egitearen menturaz’ izeneko iritzi artikuluan.

2015 09 04 euskaldunaksaioa hasieretxeberria