Editoriala: Etxeko erredakziotik

Barren.eus 2020ko mar. 25a, 21:18

COVID-19 birusa ahalik eta gutxien hedatzea funtsezkoa zela ulertuta, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunean hainbat neurri hartu genituela jakin arazi genizuen martxoaren 13an, tartean martxorako programatutako ekintzak bertan behera lagatzea. Informazioa premia biziko ondasuna izanik, baina, BARREN astekariari eta barren.eus webguneari eustea erabaki genuen. 

Koronabirusak eragindako krisiak bete-betean eragin digu gure eguneroko bizimoduan, eta hedabide handietako lankideak fin ari baldin badira ere beren egitekoan, iruditu zaigu inoiz baino beharrezkoagoa dela gertuko kazetaritza, egoera honetan inoiz baino premiazkoagoa zaigulako denoi ere gure herri edo auzoan gertatzen ari denaren berri izatea. Informazio eskubidea bermatzeko erronka jarri genion geure buruei, jakinda ez zela erraza izango. Eta zuzen geunden. Ez da batere samurra izan, baina errazik ez dago egoera honetan, ez guretzat eta ez beste inorentzat.

Gure jarduera egokitu behar izan dugu informazio eskubidea eta osasun publikoa babestea bateragarri egiteko. Telelana ezarri genuen, langileon eta gure solaskide zaretenon osasuna babesteko eta lan-kontziliazioa errazteko. Eta telelanean jardun gara, nor bere etxetik, nor bere baliabideekin eta telelan horri zaintza gehituta. Edizio digitala indartu dugu eta ahalegindu gara krisiaren unean-uneko jarraipena barren.eus-en ematen eta ezinbesteko izan denean bakarrik irten gara kalera, denon ardura delako gaitz honi hegoak moztea. Aurrez-aurrekoak saihestu eta telefonoz eta e-postaz jardun gara zuekin, eta eskertu behar dizuegu eman diguzuen laguntza. Egunotan sutan dauzkagu gure sakelako telefonoak, eta herritarrok bidalitako bideo eta argazkiz gainezka gure gailuen memoriak eta BARRENen posta elektronikoa. Horregatik, mila esker.

BARREN astekariaren banaketak ere eman digu burukomina. Zuen etxeetara iritsi nahi genuen, baina ez edozein modutan. Segurtasuna lehenetsi dugu, eta horregatik ez duzue bariku honetan BARREN buzoian jasoko. Elgoibarren, portaletan lagako dituzte aldizkariak banaketa-zerbitzua ematen digun enpresako langileek. Maskarak eta eskularruak jantzita arituko dira banatzaileak, euren buruak zaintzeko eta beste inor ez kutsatzeko. Mendaron, berriz, oinarrizko zerbitzua ematen ari diren saltokien atarietan lagako ditugu BARREN aleak. Badakigu modu honetan ez dugula bermatuko harpidedun zareten guztiok bihar BARREN astekaria jasotzea, baina ez dugu modu egokiagorik topatu zuen informaziorako eskubidea eta guztion osasuna zaintzeko. Munduko bazter guztietan bizi zareten elgoibartarrok eta mendaroarrok ere ezingo duzue aste honetako alea zuen etxeetan jasoko, Correosek ez baitu zuenganaino hurbilduko. Halere, gogoratu barren.eus-en irakur dezakezuela BARREN astekariaren paperezko edizioa PDF formatoan, barikutik aurrera. Ulertuko duzuekoan, aldez aurretik, eskerrik asko, eta zaindu, zaindu ditzagun gure buruak.

2020 03 25 barren editoriala