Tokikomeko webguneetan 2019an gehien ikusitako edukien artean dago iaz Elgoibarren izan zen hilketari buruzko berria

Barren.eus 2020ko ots. 21a, 14:20

Herri komunikabideetako webguneen kontsumoa neurtu du Tokikomek (Tokiko Komunikabideen elkartea), eta emandako datuen arabera, %36an hazi zen 2019an herri aldizkarien webguneetako kontsumoa.

Nazioarteko tendentziei erreparatuta, euskarazko medio digitalen kontsumoa %19 handitu zen 2018tik 2019ra, Tokikom elkarteko bazkideen webguneak hazi direnaren erdia, gutxi gorabehera, beraz, beldurrik gabe esan dezakegu toki komunikabideen edizio digitalek osatzen duten sarea oinarri-oinarrizko azpiegitura dela euskarazko edukien eguneroko kontsumoan. Tokikomeko webguneetan (30 agerkari) 36.380.205 orrialde erakutsi ziren guztira 2019an. Hilabeteko batez bestekoa hiru milioikoa izan zen, baina maiatzeko Udal Hauteskudeen eraginez hilabete horretan nabarmen igo ziren bisitak, eta 3,8 milioi orrialde bistaratu ziren gure medioetan. Abuztuan aldiz, beherakada izan zen udako oporren eraginez, eta 2,3 milioi orrialde bisitatu zituzten. BARRENi dagokionez, arazo bat izan genuen sisteman eta horren ondorioz 2018ko lehen lau hilabeteetako datuak galdu genituen. Beraz, hazkundearen konparazioa 2017ko datuekin egin dugu. Horren arabera, %66,56 handitu da kontsumoa gurean azken bi urteotan. 2019an, 717.069 orrialde bisitatu zituzten erabiltzaileek, eta bi urte lehenago, 430.523.

2020 02 20 tokikomzb

 • Erabiltzaileak 
Erabiltzaile kopuruari dagokionez ere hazkundea nabarmena izan da. 2019an 399.025 erabiltzaile ibili dira batez beste hilero gure webguneetan, aurreko urtean baino %35 gehiago, eta bisita horien iraupena ere luzatu egin da, bi minutu pasatxora. Zehazki esanda, batez besteko bisiten iraupena 122 segundukoa da, aurreko urtean baino hiru segundo gehiago, hain zuzen ere. BARRENen datuei erreparatuta, %39,30 hazi da bisitarien kopurua azken bi urteotan. 2019an, 84.271 bisitari izan genituen, eta 2017an, aldiz, 60.498. Bisiten iraupenari dagokionez, bisiten iraupena %5,5 handitu da azken bi urteotan, eta gure erabiltzaileak 1:55 minutu egon ziren batez beste gure atariari begira.
Datu honi lotuta, errebote-tasak (webguneko orrialde bat ikusi eta alde egiten duen jendea) behera egin duela nabarmendu behar dugu. Tokikomeko medioetan puntu batean jaitsi da errebote-tasa, %64,8tik %63,6ra. BARRENen balio horien azpitik gabiltza, eta gainera, azken bi urteetan %0,89 behera egin du gure errebotetasak, 63,07tik 63,07ra.
 • Facebook eta sakelakoak  
Euskarazko komunikabideak, eta zehazki tokikoak, ez daude nazioarteko joeretatik libre, eta webguneetako trafikoaren analisian joera berbera errepikatzen da. Hortaz, 2019ko bisiten %40 baino gehiago bilatzaileetatik iritsi ziren gure medioetara. Bigarren iturri nagusia Facebook izan zen iaz, eta bisiten laurdena baino gehiago Mark Zuckenbergen sare sozialetik iritsi zen. Trafiko zuzena %21,6 izan zen, eta Twitterretik %7 iritsi zen. BARRENi dagokionez ere bilatzaileen bidez iritsi zitzaigun iaz trafikoaren gehiengoa, %35,8, zuzenean %32,8 eta sare sozialetatik %29,1. Azken hauen artean Facebook da nagusi, eta handik jaso genituen bisiten %89,38. Era berean, sakelako telefonoa da gehien erabiltzen den gailua gure medioetara iristeko. Tokikomen kasuan bisitarien %71,43 sakelakotik konektatu ziren iaz, eta BARRENera ere erabiltzaileen %71,5 iritsi ziren sakelakotik.

 • 2019ko albiste ikusienak  
Webgune bakoitzean urtean gehien ikusi den edukia aztertu ostean, edukirik arrakastatsuenak gertakariekin loturikoak izan direla ondorioztatu dute. 2019an tokiko hedabideetako webguneetako bost albiste ikusienen artean, laugarren lekuan ageri da barren.eus atarian eman genuen albiste bat, hain zuzen ere, Pablo Acuñaren hilketaren albistea. Maiatzaren 11n izan zen, eta albiste horrek 14.000 ikustaldi baino gehiago izan zituen, bigarren albiste ikusienak halako bi. (Ikusi hemen 2019an barren.eus-en ikusienak izan diren albisteen zerrenda.) Tokikomeko medioetan ikusiena Aiurri.eus atariko albiste bat izan zen: Baltasar erregeak Andoaingo errege desfilean zabaldutako mezuak izan zuen oihartzunaren harira, Meltxor eta Gaspar erregeek idatzi zioten gutunari buruzko albistea. Hona albiste ikusienen zerrenda:

TOKIKOMeko webguneak