Elgoibarko eta Mendaroko partaide bana ‘El Conquis’ telebista saioan

Barren.eus 2020ko urt. 14a, 09:46

'El conquistador del Pacífico' reality saioaren ekitaldi berria estreinatu zuten atzo, Euskal Telebistako bigarren katean, eta parte-hartzaileen artean mendaroar bat eta elgoibartar bat daude.

 Bigarren urtez jarraian parte-hartzaile mendaroar bat izango da Euskal Telebistaren reality izarra den ‘El Conquis’ saioan. Iaz, Andoni Zuloagak hartu zuen parte eta Jurdan Ezenarro izango da aurten lehiakideetako bat, Pazifikotik Karibera itzuli den saioko 16. edizioan. Ezenarrok badu eskarmentua telebista munduan ETB1eko '101 Gaztelu' abentura saioan hartu zuen parte, 2013an, hura ere Julian Iantzik aurkeztua, eta gainera mendaroarraren taldeak irabazi zuen lehiaketa. Ezenarrok 'El Conquis'eko aurkezpen-bideoan azaldu duenez, iazko edizioan parte hartzeko hautatu zuten, baina azken orduan parte hartu ezinda gelditu zen. Abenturazalea dela dio 37 urteko mendaroarrak eta kirol erronkak gogoko dituela. Talde urdinean (Caguama) lehiatuko da.

2020 01 14 jurdan ezenarro mendaro elconquis
• Gorka Luna, artista elgoibartarra
Edizio honean Elgoibarko parte hartzaile bat ere izango da, Gorka Luna Azpiazu, hain zuzen ere. Lunak 19 urte dauzka eta lanbidez artista da. Atzo, hilak 13, telebistaz eman zuten lehen saioan euren buruak aurkeztu zituzten lehiaketan parte hartzeko hautatuak izan diren parte hartzaileek, eta txutxumutxuak eta "salseo"a gogoko dituela esan zuen Lunak aurkezpen bideoan. Talde gorrian (Guaragua) lehiatuko da elgoibartarra. Jurdan Ezenarrok moduan, Lunak ere badu eskarmentua telebista munduan. Duela gutxi Arturo Vallsek Antena 3 katean aurkezten duen '¡Ahora caigo!' lehiaketan hartu zuen parte. 18 urte bete eta hurrengo egunean hartu zuen parte, eta hortaz, saioak izan dituen lehiakide gazteenetarikoa izan da.

2020 01 10 gorka luna ahora caigo elgoibar • Lotura duten albisteak: