Tokikom sariak banatu dituzte Basaurin, eta diplomarekin itzuli da BARREN

Barren.eus 2019ko aza. 18a, 11:53

Tokikom toki komunikabideen bateraguneak Tokikom Sariak antolatu ditu laugarrenez, euskarazko toki komunikabideen lana aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. BARREN aldizkariaren azal bat zen Azalik Onenaren Saria eskuratzeko hiru finalistetako bat, baina Debagoienako Puntua aldizkariak jaso zuen sari hori.

Joan den azaroaren 15ean egin zuten sari banaketa ekitaldia Basaurin. Euskarazko hedabideetako 80 lagun inguru eta erakundeetako ordezkariak elkartu ziren Ibaigane Kultur Etxean, eta BARRENeko kideak ere izan ziren ekitaldian.

Sariei dagokionez, Debagoienako Puntua aldizkaria eta Goiena Telebista, eta Urumeako Kronika egunkariak eraman dituzte hiru sari nagusiak TOKIKOM Sarien laugarren edizioan. Uribe-Kostako Hiruka eta Durangaldeko Anboto aldizkariek ere aipamen bereziak jaso dituzte. Kazetaritza sariak emateko epaimahaia Tania Arriaga Azkaratek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute. Hiru epaimahaikideak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmentzean, eta azpimarratu dute maila igotzen doala urtez urte.
 • Diplomarekin itzuli da BARREN
Azalik Onenaren Saria jasotzeko hiru finalista zeuden: BARREN aldizkaria, Krosaren egun handia izenburuko azalarekin, Guaixe aldizkaria Bizipozez azalarekin eta Puntua aldizkaria Antropozenoa azalarekin (ikus hemen hiru azal finalistak). Debagoienako Puntua aldizkariarentzat izan da aurtengo saria, Antropozenoa azalagatik. Epaimahaiak nabarmendu du azalaren diseinu minimalista eta arriskatua, oso elementu sinple gutxirekin mezu hunkigarria ematen duena. Azal irabazlearen irudia hemen topa dezakezue.


Edukirik Onenaren Saria, Urumeako Kronika egunkariarentzat izan da, “Urik gabeko urtegi, orain laborategi” erreportajeagatik. Artikutzako urtegiaren hustuketa ardatz hartuta, Kronikak erreportaje eredugarria landu du, lehen eskuko informazio ugari eta kazetaritza molde ezberdinak uztartuta, balio dokumental handiko edukia sortuz. 


Ikus-entzunezkorik Onenaren Saria Goiena Telebistak jaso du, ‘Debagoiena Eraldatzen’ bideo sortagatik. Bideo horietan gizartean oro har dauden hainbat arazo eta aldaketari egin die aurre Goiena Telebistak, tokiko perspektibatik abiatuta eta errealizazio aldetik apustu berritzaile eta ausartak eginez. 

 • Bi aipamen berezi
Aipatu bezala, epaimahaiaren iritziz nabarmentzekoa izan da aurkeztutako lan guztien kalitatea. Hori dela eta, bi aipamen berezi ere egin nahi izan dituzte:

  • Hiruka aldizkariaren ‘Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina?’ argazkierreportajea. Argazki erreportaje eder honetan oso argi geratzen da irudiak soilik erabilita posible dela istorio osoak kontatzea. Epaimahaiak argazki-erreportajearen kalitatea nabarmendu nahi izan du aipamen honekin, baita toki komunikabideak genero hori sarriago erabiltzera animatu ere. 
  • Anboto astekariaren ‘Martxoak 31’ azala. Kasu honetan ere, irudi soil batek mezu indartsu eta hunkigarria ematen du. Epaimahaiak Irati Egurenek egindako irudiaren
    indarra azpimarratu nahi izan du aipamenarekin, eta aldizkariaren erabaki egokia, noski, irudi hori portadan jartzeko. 

Ikusi sari banaketako argazki guztiak, hemen.

Sari banaketa ekitaldiko laburpen-bideoa, geuria.eus.en eskutik: