Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa ETBko 'Ahotsak' saioan agertuko da

Barren.eus 2019ko ira. 16a, 08:58

Euskal Herriko abesbatzarik onena aurkitzen dihardute ETBko Ahotsak izeneko saio musikalean. Hiru abesbatza lehiatzen dira atal bakoitzean eta Eibarko Koro Gaztea izango da lehiakideetako bat gaur emango dutenean. Eibartarrek Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa aukeratu zuten bi abesti grabatzeko.

Julian Iantzik aurkezten du Ahotsak saioa, eta Hibai Etxebarria musika adituaren laguntza izaten du astelehenero, finalera sailkatuko diren abesbatzak aukeratzeko. Guztira, hogeita lau abesbatza arituko dira lehian. Saio bakoitzean lehiatzen diren hiru abesbatzek bi abesti kantatu beharko dituzte, eta abesbatzetako zuzendariek eta Etxebarriak erabakiko dute zein taldek merezi duen puntu gehien, eta finalerako sailkatzea. 

Gaur, hilak 16, 22:05etik aurrera, emango duten saioan Eibarko Koro Gaztea, Oiongo Prudentzio Egunsentia eta Ugaoko Sarea abesbatzek parte hartuko dute.
Koru bakoitzak bere etxean, esanguratsua eta estetikoki erakargarria den kokaleku batean, bi abesti kantatuko ditu. Eibarko abesbatzak Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan grabatu zituen bi abesti horiek.