Euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmen berria aurkeztu dute

Barren.eus 2019ko mar. 4a, 18:14

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Hekimen elkarteak euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko eredu berri bat aurkeztu dute Donostian.

Hekimen-en izenean elkartearen koordinatzailea den Igor Astibiak eta elkarteko kide diren Iban Arantzabal (Tokikom), Iban Arregi (Berria Taldea) eta Lorea Agirrek (Jakin aldizkaria) berba egin dute. Administrazio desberdinen izenean berriz, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak eta Joseba Perez de Heredia Arabako Euskara, Kultura eta Kirol zuzendariak. 

Euskarazko hedabideentzat marko berriak berrikuntza nabarmenak ditu, denak ere hausnarketa luze baten ondorioz adostutakoak, besteak beste:

  • Diru-laguntzetarako irizpide bateratuak izango dira EAEko lau erakundeen artean, eta guztien artean esparru honetara bideratuko den diru poltsa 10,5 milioi eurokoa izango da, orain artekoa baino hiru milioi gehiago.
  • Hedabideen erabaki estrategikoak eta kudeaketa errazteko, egonkortasuna bilatu da, eta diru-laguntza deialdiaren epea hiru urtekoa izango da. Erakundeek urtero 10,5 milioi euro jartzeko konpromisoa hartu dute 2019-2021 epealdirako, horietatik Jaurlaritzak 7,8 milioi euro jarriko ditu.
  • Hedabide bakoitzak jasoko duen laguntza kalkulatzeko oinarria bere gastuak izango dira, orain arteko puntuazio sistemaren ordez. Laguntzek gastu horren %30 arte kubritu ahalko dute.

Igor Astibiak azaldu duenez, “gutxiagotutako hizkuntza ororen berreskurapen eta normalizaziorako komunikabideak estrategikoak dira. Halaxe nabarmentzen dute gaiaz dakiten erakunde, eragile zein adituek. Izan ere, hedabideak hizkuntz komunitatearen leihoak dira: hortik transmititzen da komunitatearen beraren errealitatea, eta bertatik jasotzen du komunitate horrek elkarren eta munduaren berri”. Ildo beretik, ondorengoa ere gehitu du Hekimeneko koordinatzaileak: “hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere bada, eskaintza aniztasuna baita, hedabideen presentziaren bidez, iritzi aniztasunaren oinarrietako bat”.

 • Hekimenen baitan euskarazko 50 komunikabide baino gehiago

Segidan Hekimen elkartearen garrantzia azpimarratzeko hainbat datu eman ditu Hekimeneko eledunak: “Hekimenen baitan euskarazko 50 komunikabide baino gehiago biltzen gara (133 komunikazio proiektu), sektoreko ia komunikabide guztiak. Guztira 530 lagun baino gehiago ari gara lanean hedabide hauetan, asko egunkari, aldizkari, telebista eta irrati nazionaletan eta beste hainbat herri zein eskualdekoetan. Langile zuzen horiei 600 kolaboratzailek eta 1.000 boluntariok osatutako sarea gehitu behar zaie. Izan ere, euskarazko hedabideen sektorearen eskaintza anitza, zabala eta aberatsa da eta horri esker egunero milaka laguni euskaraz bizitzeko aukera ematen diegu. Euskal prentsa 200.000 kontsumitzaile baino gehiagorengana iristen da. Espainiako kazeta garrantsitsuenak (El Pais, El Mundo...) beren publiko potentzialaren %4ra iristen ez diren bitartean, euskal egunkari nazionala bere publiko potentzialaren %8ra iristen da eta hainbat eskualdetan euskarazko hedabideak dira irakurrienak. Sareko trafikoari dagokionez, azken bost urteotan Hekimen elkarteko komunikabideen webguneen trafikoa bikoiztu egin da, 2013an 12 milioi saio izatetik 2018an 23,7 milioi saio izatera pasaz. Bestela esanda, gaur egun webgune horiek guztiek 65.000 saio baino gehiago izaten dituzte egunero”.
 • Gabezia eta erronka nagusiak
Baina gabezia edota erronka garrantzitsuak ere badituztela gehitu du Igor Astibiak: “Urte hauetan guztietan, eta are gehiago krisialdi garaietan, euskal hedabideen egoera zaila izaten ari da. Kontsumo ohiturak eta negozio ereduak aldatzen ari dira eta horrek guztiak zaildu egiten du proiektu hauen bideragarritasuna; gainera horri gehitu behar zaio hizkuntza gutxiagotu batean aritzeak eragiten duen desabantaila. Sektorean lan-baldintzak ere ez dira onak eta horrek lantaldeetan ezegonkortasuna eta ziurtasunik eza eragiten ditu. Ondorioz, etengabe erreleboan bizi den sektorea da gurea”.

Honela bada, euskararen biziberritze eta normalizaziorako estrategikotzat definitua izan den sektorea, bere indar mugatuaren zati handi bat biziraupena bermatzeko lanera bideratu beharrean aurkitu dela azaldu du. Bere hitzetan “krisialdi desberdinei ahal izan duen bezala baina eskaintzaren kalitateari eutsiz eta bere funtzio sozialari muzin egin gabe erantzun die sektoreak”.

Egoera zail hori gainditu eta dagokion funtzio soziala behar den baldintzetan betetzen jarraitzeko administrazio desberdinen ekarpenak ere jaso izan dituztela azaldu du Hekimeneko koordinatzaileak, baina orain arte ekarpen horiek ez direla sektorearen beharren araberakoak izan ere argitu du. “Oro har, unean uneko aurrekontuen edota lehentasunen araberakoak izan dira. Euskarazko hedabideok, hein handi batean, herritarren laguntza eta ekarpenei esker egin ahal izan dugu aurrera” gaineratu du.
 • Sektorearen beharretan oinarritutako dirulaguntza eredu berria

Dirulaguntza eredu berriari buruz jada, egoera horri irtenbidea bilatu asmoz, azken aldian, administrazio desberdinekin sektorearen beharretan oinarritutako dirulaguntza eredu berria eraikitzeko lanean aritu direla azaldu du: “prozesua emankorra izaten ari dela esan behar dugu”. Azaldu duenez, urte hauetan guztietan sektoreak hainbat eskari luzatu dizkio bertako administrazioari, eta honek sektorearen zenbait eskari historiko aintzat hartu ditu:

  • Orain arte egindako lanaren balioespena
  • Sektorearen beraren izaera estrategikoa aitortzea
  • Euskal hedabideen sektorea egonkortzeko eta baldintzak duintzeko beharra
  • Egonkortasuna bermatzeko baliabide gehiagoren beharra
  • Kostuen azterketan oinarritutako dirulaguntza eredu berria

Igor Astibiak azaldu duenez, orain bi urte abiatutako prozesuaren helburua eskari horiei erantzungo dien dirulaguntza eredu berria adostea izan da. “Berriki eta hilabetetako lanketaren ondoren, dirulaguntza deialdiaren zirriborroa aztertzeko aukera izan dugu eta, oro har, eredu berriak aurrerapauso garrantzitsua suposatuko duela uste dugu” gehitu du Hekimeneko kordinatzaileak.

Orokorrean eta oraindik ere deialdiko hainbat artikulutan zehaztu beharreko zenbait puntu gelditzen diren arren, Hekimenen ustez Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek landutako dirulaguntza eredu berri hau sektorearen egonkortasuna bermatzeko pauso garrantzitsua izango dela azaldu du Astibiak, besteak beste, hedabideen kostuaren ehuneko bat lagunduko duelako. “Denborak esango du deialdi berri hau prozesu honen guztiaren azken helburua lortzeko, alegia, euskarazko hedabideon egonkortasuna bermatzeko, balekoa den ala ez, baina orokorrean aurrerapauso garrantzitsua izango dela uste dugu” gaineratu du.
 • “Norabide egokian emandako lehen pausoa"

Bukatzeko sektorearen egonkortasuna bermatzea helburu duen dirulaguntza eredu berri hau sektorearen erronketako bati emandako erantzuna baino ez dela ere argi utzi nahi izan du: “Norabide egokian emandako lehen pausoa. Pauso garrantzitsua eta, sektoreak bestelako erronkei ekin ahal izateko ezinbestekoa; baina esan bezala, sektoreak erronka gehiago ere baditu eta horiek ere ez dira nolanahikoak (hartzaile kopurua handitzea, hutsuneak gainditzeko baliabide berriak, autofinantziazioa, publizitate publikoaren banaketa, eremu berrietara zabaltzea, sustapena, berrikuntza, inbertsioak…). Erronka horiei erantzuteko ere elkarlana funtsezkoa izango da sektorearen barruan, administrazioarekin zein herritarrekin”.

Bi urteko prozesu honetan parte hartu duten eta agerraldi honetan egon ez arren berau posible egiteko lan egin duten lagunei eskerrak emanez amaitu du bere hitzartzea Hekimeneko koordinatzaileak.

Segidan Hekimen elkarteko bazkide den Tokikom-eko ordezkariak, Iban Arantzabalek, hartu du hitza adostutako dirulaguntza eredu berria tokiko hedabideen egonkortasuna bermatzeko ere garrantzitsua izango dela azaltzeko.

Ildo beretik joan da ere Hekimen elkarteko bazkide den Berriaren ordezkaria, Iban Arregi, baina nazio mailako hedabideen ikuspegitik eta sektorearen etorkizuneko erronkak ere azpimarratuz.

Eta amaitzeko Hekimeneko bazkide den Jakin aldizkariko Lorea Agirrek hedabide espezializatuen ikuspegia eman du, eredu berria balioan jarriz baina denborarekin hobetu beharreko puntuak ere badirela azalduz.