Martxan da 'Ttap', gailu mugikorretarako astekari digitala

Barren.eus 2018ko ira. 21a, 10:09

Bilboko Eneko Bilbao jatetxean aurkeztu dute Ttap aldizkariaren lehen zenbaki arrunta. Aurrerantzean barixakuero, aktualitateko gaiak ekarriko ditu erabiltzaileen poltsikora, telefono eta tabletetan kontsumitzeko astekari digital multimedia baita Ttap. Eneko Atxa sukaldaria eta Maialen Chourraut piraguista dira lehen zenbakiko protagonistak.

Eneko Atxak Euskalduna Jauregian zuzentzen duen Eneko Bilbao Jatetxea jendez lepo bete zen eguaztenean (ikus argazkietan), Ttap aldizkari digitalaren lehen zenbakiari ongi etorria emateko. Astero-astero, aldizkari berriak aktualitateko gaiak ekarriko dizkigu poltsikora, gertuko ikuspegi batetik landuta.

Ttap irakurri nahi duenak, ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazioa deskargatzea besterik ez du. Aplikazio horrek kiosko moduan funtzionatuko du, eta aurrerantzean kaleratzen diren guztiak deskargatu ahalko dira bertatik.

Irakurri, ukitu, ikusi, entzun… ttap egin!
Aldizkari digital berria Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlanaren emaitza da. Ttap hainbat komunikabideren artean sortu dute: Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Goiena (Debagoiena), TOKIKOM eta Esguard aldizkaria (Bartzelona).
Uztailean zero zenbakia aurkeztu zuten Donostian, eta nabarmendu dutenez “harrera bikaina izan du, gure espektatiba guztiak gaindituz. Aplikazioa bere kategoriako lehen postuan egon da hamar egunez Apple zein Google Play aplikazio dendetan, eta hori marka handia da euskarazko produktu batentzat”. Harrera bikain horren beste adierazgarri argi bat, aplikazio dendetan zein sare sozialetan jasotako aldeko iritzien oldea. “Orain erantzukizun handia dugu sortu dugun inpresio positibo horri eusten, eta gogor ari gara lanean, astero-astero kalitate goreneko argitalpena egiteko”.
Bere ahizpa nagusia den Bartzelonako Esguard aldizkaria bezala, Ttap %100 digitala da, eta telefono zein tabletetatik soilik irakur daiteke. Irakurri baino zerbait gehiago ere bai: aldizkaria erabat multimedia da, eta edukiak hainbat formatu eta euskarritan lantzen ditu, azken erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Testuekin batera, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak ere eskainiko ditu, erabiltzaileak erabakitzeko noiz zer eduki jaso nahi duen. Irakurri ez ezik, Ttap ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke.

Kontsumo azkar eta urbanoa
Ttapek gertuko gaiak landuko ditu, modu erraz eta azkarrean kontsumitzeko moduan. “Batez ere inguru urbanoan eta/edo garraio publikoan kontsumitzeko egingo dugu Ttap, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat” azaldu du aldizkariaren zuzendariak, Monika Belastegik: “besteak beste, espero dugu Ttap ohiko elementu bihurtzea Bilboko Metroaren paisaian”.
Zenbaki bakoitzak 16 orrialde izango ditu, eta gutxi gorabehera ordu laurden batean irakurri ahal izango da. Hala ere, edukietan sakondu nahi duenak, beti izango du audio eta bideo elkarrizketa luzeagoak eskura. Bideo eta audio horiek mimo handiz egingo dira, azken produktua kalitate handikoa izan dadin.

Kalitate horren zutabeetako bat puntako kolaboratzaileen zerrenda zabal eta anitza da: Pilar Kaltzada, Ander Izagirre, Hasier Hilario, Izaro Andres, Joseba Barandiaran, Arantxa Urretabizkaia, Unai Iturriaga, Joseba Sarrionandia, Lara Izagirre, Arantza Santesteban…

Aldizkariak bi edizio ditu momentuz, bat Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan. Iragarri dutenez, urriaren 12an zenbaki berezi bat argitaratuko dute Nafarroan, duen harrera neurtu eta haren arabera erabakitzeko edizio jarraia mantendu ala ez.
Lehen zenbakiko protagonistak
Bizkaiko lehen zenbakiko protagonista Eneko Atxa sukaldari zornotzarra da. Hiru Michelin izar eskuratu duen sukaldaririk gazteenetakoa da Atxa. Aurretik dituen erronken artean, joan den maiatzean Euskalduna Jauregian ireki zuen Eneko Bilbao jatetxearen proiektua ondo finkatzea. Bertako lan talde gazteak sukaldaritza bizkaitarraren mamia eman nahi du ezagutzera Bilboko jatetxe berritik, modu dotore eta berritzailean, nazioartean erakusteko.

Gipuzkoako edizioan, berriz, Maialen Chourraut piraguista lasartearra da protagonista. Hilaren bukaeran Riora joango da Eslalomeko Munduko Txapelketa jokatzera; leku berezia piraguistarentzat, inondik ere, hango olinpiadetan lortu baitzuen urrezko domina. Mimoz prestatu duen proba bada ere, Chourrautek Tokioko 2020ko joko olinpikoetan du jomuga.
Elkarrizketa nagusiez gain, lehen zenbakiaren bi edizioak eduki mamitsuz kargatuta datoz. Monika Belastegi zuzendariak haietako batzuk aurkeztu ditu, hala nola, Izaro Andres abeslariaren iritzizutabea Bizkaiko edizioan, eta Unesco Geoparkeko arduradun zientifikoa den Asier Hilariorena Gipuzkoakoan. Horrez gain, Eneko Prat influencerrak trap modaren gaineko xehetasunak emango ditu eta zinemazaleenzat, asteburuan estreinatuko diren hiru film gomendatuko ditu Amaia Garcia kazetariak.
• Zozketaren irabazlea
Aldizkariaren lehen zenbakia aurkezteaz gain, uztaileko aurkezpenean martxan jarritako zozketaren irabazlearen berri ere eman zuten Bilboko ekitaldian. Abuztuan zehar Ttap deskargatu eta sare sozialetan sustatzen lagundu duten lagun guztiei eskerrak eman ondoren, sistema informatikoak Galdakaoko Josu Lezametari eman dio saria, Gasteizko SPC etxeak emandako SPC Heaven tableta bat. Irabazleak poz-pozik jaso zuen saria, eta azaldu zuen “opari bikoitza” dela beretzat: “tableta batetik, eta bertan irakurtzeko aldizkari ezin txukunagoa, bestetik”.