Segi dezagun elkarrekin gure historia idazten

Barren.eus 2018ko mai. 26a, 18:51

Beste 25 urte betetzeko bultzada jaso du BARRENek. Mila esker guztioi!

BARREN osatzen dugun milatik gora lagun batu ginen plazan barixakuan, denon artean eginiko aldizkariak 25 urte bete dituela elkarrekin ospatzeko. 

25 urte hauetan gure azalorria izan zareten 700 bat lagunek hartu zenuten parte Azaletik BARRENera! ekitaldian, eta beste ehunka herritarren laguntza izan genuen orain arte kaleratu diren 1.078 aleen azalak eusteko. A ze itxura zuen plazak! Era guztietako jendea elkarrekin. Argazki batek mila berbak baino gehiago balio duela diote. Mila protagonista baino gehiago dituen goiko argazki horrek, berriz, mila berba, istorio eta bi herriren 25 urteko historia batzen eta islatzen ditu. 

Mila esker guztioi, beste behin ere, BARRENen deiari erantzutearren eta erakutsitako pazientziagatik. Izan ere, euriak ekitaldia eta argazkia zapuztuko zizkigun beldur izan ginen une batean, baina eguraldi ezin hobea egin zuen gero, bai behintzat argazkilarientzako. Igarriko duzue dotore atera zaretela argazkietan! Herriko hainbat argazkilarik BARRENentzat ateratako argazkiak eta bideoak dituzue ikusgai barren.eus-en. Zuen argazkiak ere ikusi nahiko genituzke sare sozialetan, horretarako, traola bat izendatu dugu: #barren25urte

Esandakoa, beste 25 urte betetzeko bultzada jaso dugu. Orain, segi dezagun gure historia elkarrekin idazten. Hori bai, plaza handiagoa beharko dute 25 urte barru 50. urteurrena ospatuko dutenek. Eskerrik asko guztioi!

 azaletik barrenera barren 25 urte plaza m askasibar

2018 05 25 azaletik barrenera barren 25 urte plaza m askasibar m

*Argazkilariak: Mikel Askasibar, Julen Ansola, Eire Vila, Viktor Gamiz, Iñigo Lamelas, Rafa Alkorta, Ander Soraluze eta Aitor Lauzirika.