BARRENek 25 urte bete dituela ospatuko dugu gaur Elgoibarren, zuek denokin batera

Barren.eus 2018ko mai. 24a, 20:23

Handia egitera goaz: Kalegoen plaza eta Maalako parkea beteko ditugu gaur, maiatzak 25, BARRENek 25 urte bete dituela elkarrekin ospatzeko.

Iritsi da egun handia. BARRENek 25 urte bete dituela ospatuko dugu gaur Elgoibarren, zuek denokin batera. 25 urte, mende laurden. Badira urte batzuk! Elgoibar eta Mendaroren barruak azaleratzea izan da gure zeregin nagusia urte hauetan guztietan, ezkutuan zegoena azaleratzea, eta horregatik, BARRENen azalorri guztiak aterako ditugu gaur Kalegoen plazara, eta, jakina, azalekin batera, beste horrenbeste protagonista ere bilduko ditugu. Kalegoen plaza jendez beteko dugu, baina ez da hori izango eguneko ekitaldi bakarra. Gauean, 21:00etan,  Maalako parkea hartuko dugu. Urteurrenaren harira, kantu-dantza afaria antolatu duelako Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Elgoibarko Udalaren laguntzaz eta 150 bat lagun elkartuko gara afaritarako.

• 18:00etan. Arratsaldeko seiretan hasiko gara Kalegoen plazan, azalak banatzen. 1.078 azal-orri izango dira guztira, eta gutxienez portada adina lagun batuko ditugu plazan, argazkia ateratzeko. Azalak plazan bertan banatuko dizkizuegu. Banaketa errazteko, zenbaki bana eman dizuegu, zuen azal-orriari dagokiona, eta mesedez, hartu gogoan zenbaki hori. Zure zenbakiaren berri emateko emaila edo whatsappa jaso ez baduzu, jarri gurekin harremanetan, 943 744112 telefono zenbakira deituta. Plazan itxitura handi bat sortuko dugu, eta eskuineko aldetik, frontoi aldetik, sartuko zarete protagonistak hara. Sarreran bertan banatuko dizkizuegu azal-orriak. Horretarako ilarak sortuko ditugu, eta dagokizuen ilarara joatea eskatuko dizuegu. Azalak jaso ahala, itxiturara sartuko zarete. Lurra markatuta egongo da, 0tik 1.077ra arteko zenbakiekin, eta dagokizuen lekuan jarri beharko zarete argazkirako. Argazkia egin ostean, sartu zareten leku beretik irtengo zarete eta irteeran azal-orriak jasoko ditugu guk.

• PROTAGONISTAK ETA EXTRAK. 25 urte hauetan gure azalorria izan zareten 700 bat lagunek baieztatu diguzue gaur plazan izango zaretela. Azal-orri libreak ere badauzkagu, baina,  gaur etortzerik ez duten protagonistei dagozkienak, eginahalak egin arren lotu ezin izan ditugun beste hainbatenak eta batez ere pertsonei beharrean gaiei eskainitakoen azalei dagozkienak. Azal-horri horiekin parte hartzeko prest baldin bazaude, hurbildu frontoi aldera eta zoaz extrentzako ilarara. Iritsi ahala banatuko dizkizuegu libre dauzkagun azalak.

• ARGAZKIA.Taldeko argazkia eta banakako argazkiak egingo ditugu. Taldekakoa, goitikakoa, bi lekutatik aterako dugu. Plaza pareko etxebizitza batetik eta San Bartolome parrokiako balkoitik. Argazkia ateratzeko, azal-orriak altxatzea eskatuko dizuegu. Hiru argazkilari izango ditugu goietan irudi hori ateratzeko, eta bi esatari ariko dira, argazkilariek emandako aginduak betearazten. Adi, beraz, esatariek esaten dutenari. Argazkia 19:00ak aldera aterako dugu, plaza bete jende dela. 18:00etatik 19:00etarako tartean, baina, BARRENen Hitz eta klik ataleko kolaboratzaile grafikoak ere ariko dira, banakako argazkiak ateratzen. Material guzti horrekin bideo bat osatuko dugu gero.

EKITALDIA, SARE SOZIALETAN. Gu geu ibiliko gara argazki kamerak hartuta, baina zuen argazkiak ere ikusi nahiko genituzke. Horretarako, traola bat izendatu dugu: #barren25urte

BARREN’-EN AZALAK, HERRIKO ERAKUSLEIHOETAN. Astelehenetik aurrera, astebetez, herriko dendetako erakusleihoetan eta tabernetan jarriko ditugu erakusgai BARRENen 25 urteotako azalak. Dendari eta tabernari batzuek eman diguzue baietza, baina zuetako beste norbaitek ekimen hau babestu nahiko balu bere erakusleihoan BARRENen azal-orri bati lekua eginez, mesedez, jar dadila gurekin harremanetan, barren25urte@gmail.comhelbidera idatzita edo 943 744 112telefono zenbakira deituta. Astebeteren ostean, azal guztiak bilduko ditugu berriro, protagonistei banatzeko. Beraz, zure azala gorde nahiko bazenu, zatoz bila BARRENera ekainaren 8tik aurrera.