Euskal Telebistak maiatzaren 13an emango du Aiastian grabatutako 'Herri Txiki, infernu handi' saioa

Barren.eus 2018ko api. 20a, 14:17

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleen sorlekuetan grabatu dituzte Herri Txiki, infernu handi saioko opor aurreko azken bi programak: Aiastian eta Billabonan. Aiastian, martitzenean izan ziren grabazio lanetan eta saioan azalduko denaren aurrerapen txiki bat egin dio Gurrutxagak BARRENi.

Datorren eguenean, apirilaren 26an, etorriko dira berriro Herri Txiki Infernu Handi saiokoak Aiastiara. Aurrez aurreko saioa grabatuko dute Murkaikupe frontoian, 20:30ean hasita.

Saio berezia izango dela aurreratu du Zuhaitz Gurrutxaga bertako seme eta saioko aurkezleak. "Aurkezleon umetako kontuak ere irtengo dira bai Billabonari eskainitako programan eta baita hemen grabatutakoan ere". Besteak beste, Zuhaitzen gurasoak elkarrizketatu dituzte Aiastian. Mikel Pagadi egon da Zuhaitzen amarekin, Maite Loiolarekin, eta bere aita, Jose Antonio Gurrutxaga elkarrizketatzen jarri dute Zuhaitz. "Berezia izan da, oso berezia", aitortu du aurkezleak.

Auzotar gehiago ere irtengo dira programan, jakina, eta bi gai nagusi ere landuko dituzte: auzolanak auzoan izan duen garrantzia eta 36ko Gerran Zirardamendin izan ziren borrokak. Horren harira, Ziarda-Txiki baserriko Pakita Bernedo elkarrizketatuko du Zuhaitzek berak. Fronteak bete-betean harrapatu zuen Ziarda-Txiki baserria eta 11 urte zituela bizitakoak kontatuko ditu Pakitak. Euskal Telebistak maiatzaren 13an emango du Aiastiari buruzko saio berezia.

∞Lotura duten albisteak: