Belaustegi izan da Debarroko jatetxerik xarmantena 'Juego de Cartas' telebista saioan

Barren.eus 2017ko urr. 3a, 12:49

Debarroko beste hiru jatetxeren aurka lehiatu da Elgoibarko Belaustegi jatetxea ETB-2ko Juego de Cartas telebista saioan, eta Josu Muguerzaren jatetxea aukeratu dute irabazle.

Bergarako Lasa, Leintz-Gatzagako Arrate eta Oñatiko Etxe Aundi jatetxeak lehiatu dira, Belaustegirekin batera, Juego de Cartas telebista saioko atal batean. Atzo eman zuen saioa Euskal Telebistako bigarren kateak (eitb.eus-en ikusgai dago saio osoa).
Lehiakideek egin zituzten epaile lanak, eta besteen lan egiteko eta negozioa aurrera eramateko moduaz iritzia eman zuten: egokia den edo ez, zer hobetu beharko lukeen, laudoriorik merezi duen... Javi Sierra saioko aurkezle eta sukaldariak ere eman zuen bere iritzia eta botoa. Denen artean "sukaldaritza tradizionala, ukitu orientalekin" uztartzen dituen Belaustegi jatetxea aukeratu zuten onena. Irabazlearen berri eman aurretik, lau lehiakideak leihoak estalita zituen furgoneta batean sartu zituzten, nora zihoazen jakin ez zezaten, eta jatetxe irabazlera eraman zituzten. Belaustegiko aparkalekuan gelditu zen furgoneta eta orduan jakin zuen Josu Mugerzak bere jatetxea aukeratu zutela. 2.000 euroko saria jaso du Belaustegik.
 Hainbat herrialdetan arrakasta izan duen My Restaurant Rocks saioaren egokitzapena den Juego de Cartas saioan sukaldaritza espezialitate bera duten Euskal Herriko lau jatetxe jartzen dituzte aurrez aurre saio bakoitzean.