Belaustegi jatetxeak parte hartuko du 'Juego de Cartas' telebista lehiaketan

Barren.eus 2017ko ira. 11a, 12:11

Euskal Telebistaren bigarren kateak Juego de Cartas telebista saioa estreinatuko du gaur gauean. Sukaldaritza espezialitate bera duten Euskal Herriko lau jatetxe aurrez aurre jarriko dituzte saio bakoitzean. Elgoibarko Belaustegi jatetxea izango da lehiakideetako bat.

Juego de Cartas telebista saioaren lehenengo atalean, Bizkaiko lau jatetxe lehiatuko dira elkarren aurka. Belaustegi jatetxeko sukaldari Josu Mugerzak jakinarazi duenez, eurenean ere izan dira saioko kamerak. Izan ere, Belaustegi izango da atal bateko lau lehiakideetako bat, nahiz eta momentuz ez dieten jakinarazi zein ataletan izango den, ez eta noiz emango duten ere.
Sukaldaritza espezialitate bereko Euskal Herriko lau jatetxek parte hartuko dute saio bakoitzean. Euren artean hoberena nor den erabakitzeko, bost ezaugarri izango dituzte aztergai: espazioa, azpiegitura eta sukaldearen antolamendua, menua, zerbitzua, eta kalitatearen eta prezioaren arteko harremana.
Lehiakideek egingo dituzte epaile lanak, eta besteen lan egiteko eta negozioa aurrera eramateko moduaz iritzia eman beharko dute: egokia den edo ez, zer hobetu beharko lukeen, laudoriorik merezi duen... Javi Sierra aurkezlearen laguntza izango dute horretarako. Guardiako Capricho de Baco jatetxeko nagusia ere bada Sierra. Guztien artean erabakiko dute zein jatetxek eramango duen saria.
Hainbat herrialdetan arrakasta izan duen 'My Restaurant Rocks' saioaren egokitzapena da 'Juego de Cartas'.