Iñigo Lariz eta Karakateko Igoera Gailurra Xtreme telebista saioan

Barren.eus 2017ko mar. 10a, 12:00

Gailurra Xtreme programa emititu zuten atzo ETB1ean. Irati Anda eta Ibon Gaztañazpi aurkezleek Beriaingo kilometro bertikaleko ibilbidea osatu behar zuten 70 minutu baino gutxiagoan, eta erronka horretan parte hartu zuen Iñigo Lariz elgoibartarrak. Karakateko Igoera ere hizpide izan zuen Larizek. 

Gailurra Xtreme telebista saioan muturreko egoeretara eramaten dituzte saioko aurkezle Irati Anda eta Ibon Gaztañazpi. Aste honetako saioan Beriaingo kilomero bertikalaren ibilbidea osatu behar zuten. Bost kilometroko distantzian 1.000 metroko desnibela igo behar zuten. 

Baina ez zuten bidea bakarrik egin, bakoitzak aditu bat izan zuen bere ondoan helburua lortzeko. Gaztañazpik Oier Ariznabarreta korrikalariaren laguntza izango zuen, eta Andak, aldiz, Aitziber Ibarbiarena. Lasterketa zailtzeko, denbora mugatua zuten, 70 minutu besterik ez, eta Iñigo Lariz eta Inma Aranburu korrikalariak zituzten atzetik, erratzaren lana egiten, denbora markatzen; harrapatzen bazituzten, lehiatik kanpo geratzen ziren aurkezleak. EITBren webgunean ikus daiteke erronka gainditu zuten ala ez, osorik ikus daiteke-eta Gailurra Xtreme saioa.

Kilometro bertikaletan aritua eta aditua den Larizek modalitate honen inguruko xehetasunak azaldu zituen saioan, eta Karakateko igoera ere izan zuen hizpide.