Laukok mailari eutsi dio matematikoki

Barren.eus 2016ko api. 1a, 11:59

Estutasunak pasa eta gero izan bada ere, Laukok mailari eutsi dio matematikoki eta Zilarrezko Ohorezko Mailan jarraituko du datorren denboraldian. 

Logroño Sporting La Rioja taldeak, Zilarrezko Ohorezko Mailako liderrak, 36-13 hartu zuen mendean San Adrian azken sailkatua. Emaitza horren ondorioz, matematikoki maila galdu du Bilboko San Adrian taldeak, eta, era berean, Laukok mailari eutsi dio. Izan ere, Zilarrezko Ohorezko Mailako B multzoan lehian dabiltzan hamaika taldeetatik azken sailkatuak galduko du maila. Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, zortzi puntu dituzte elgoibartarrek eta hiru puntu bilbotarrek. Hortaz, azken bi jardunaldietan lasai jokatu ahal izango du Laukok. Asteburu honetan atseden hartuko dute eta azkenaurreko jardunaldian Lagunak taldearen aurka jokatuko dute Barañainen. Denboraldiko azken partida etxean jokatuko dute, apirilaren 16an, Errotabarri taldearen aurka. Aurreko denboraldiak seigarren eta bosgarren postuetan amaitu eta gero, Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatu duen hirugarren denboraldian gehiago sufritu behar izan du Laukok. Orain arte jokatutako 18 partidetatik lau bakarrik irabazi dituzte eta gainerako guztiak galdu. (ikus sailkapena)

•Adriana Beraza eta Lore Iriondo Gipuzkoako selekzioarekin

Sanlo EKTko bi jokalarik infantil mailako Gipuzkoako eskubaloi selekzioarekin jokatu dute Hondarribia Kirol Taldea Txapelketaren 15. edizioa. Jokatu eta irabazi, Gipuzkoako selekzioa gailendu baitzen, Bizkaia, Araba eta Txingudiko jokalariz osatutako selekzioen aurka jokatu eta gero. Bizkaiko eta Gipuzkoako selekzioek jokatu zuten finala eta 20-16 irabazi zuten gipuzkoarrek. 

2016 04 01 gipuzkoako selekzioa joel iglesias