Lucas Towers britainiarra izan da azkarrena Etxaniz Memorialean

Barren.eus 2023ko abu. 23a, 15:34

Lucas Joseph Towers (Caja Rural-Alea) 19 urteko txirrindulari britainiarrak irabazi du Etxaniz Memorialaren 76. ekitaldia, azken metroetan Diego Uriarte Belzunegi (Galibier-Finosher) txirrindulari nafarrari biek jokatu duten esprintean gailenduta.

Beste behin ere, 23 urtez azpiko txirrindulari puntakoenak batu dira Elgoibarren, Gure Bide Elkarteak antolatzen duen Etxaniz Memoriala txirrindulari lasterketan, eta horien artean izan dira bi elgoibartar ere, Imanol Alvarez (Eiser Hirumet) eta Eneko Ortega. Azken hau junior mailan lehiatzen den arren, aurki jokatuko dituen txapelketak prestatzeko hartu du parte, talderik ordezkatu gabe. Alvarezek ezin izan du lasterketa amaitu, baina bai bai ordea Ortegak. 31. postuan helmugaratu da, irabazlearengandik 3 minutu eta 9 segundora, eta lasterketa "oso gogorra" izan dela esan du. Izan ere, bero handiarekin jokatu da aurtengo proba. Txirrindulariak beroagatik ezarri duten alarma gorria hasten zen ordurako ailegatu dira helmugara, 12:00ak alderako. Ibilbidean hiru bider igo behar zuten Azkarateko mendatea; eta, beroaren eraginez, igoerok berez direnak baino gogorragoak izan dira gaurkoan. Txirindulari ugari erretiratu dira, eta 48k lortu dute proba bukatzea. 

Zailtasun guztiei aurre eginez, bi txirrindulari izan dira indartsuenak, Lucas Towers eta Diego Uriarte. Elkarrekin ailegatu dira Pedro Migel Urruzuno kalean zegoen helmugara, baina azken metroetan aise gailendu zaio britainiarra nafarrari (ikus helmugako argazkiak). 24 segundora iritsi da hirugarren sailkatua, Iker Mintegi (Laboral Kutxa). Honenbestez, kirol proba beterano eta garrantzitsu hau irabazi duten txirruindularien zerrenda loriatura igaro da Towers-en izena. Txirrindulari handiek irabazi baitute Elgoibarren. Horietako bat izan dute gogoan Gure Bidekoek lasterketa iragartzeko kartela osatzeko. Joan den ekainaren 8an hil zen Txomin Perurena txirrindulari ohiaren irudia erabili dute. Irabazleari ematen zaion lora-sorta eskuetan duela ageri da Perurena argazkian, bizikleta gainean, Kalebarren plazan gora. Txirrindulari oiartzuarrak 1965ean jokatu zuten Etxanizen oroimenezkoa irabazi baitzuen. Perurenak 158 garaipen lortu zituen guztira bere txirrindulari ibilbide oparoan, KAS, Fagor eta Orbea taldeekin.
Etxaniz Memoriala Lehendakari Txapelketarako proba puntuagarria da eta hor Ander Ganzabalek (Laboral Kutxa - Euskadi Fundazioa) jarraitzen du lidergoan, Elgoibarren 9. postua eskuratu eta gero.

 

2023 08 23 etxaniz memoriala kartela txomin perurena