Udal Kirol Patronatuak 4.674 abonaturekin itxi du ikasturtea, 2022an baino % 11,28 gehiago

Barren.eus 2023ko uzt. 18a, 15:43

Abonatu kopuruen inguruko datuak jakinarazi ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, eta nabarmendu dute abonatuen kopurua pandemiaren aurreko etapa baino handiagoa dela.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak 4.674 bazkiderekin itxi du 2022-23 ikasturtea, urteko bazkide kopuru handiena, eta 2021-22 ikasturtean baino %11,28 gehiago. Datu hori uda garaiari zor zaiola zehaztu dute, Mintxetako igerilekuetako denboraldiko abonatuak kontuan izan baitituzte.

Eta azpimarratu dute abonatuen kopuru hori pandemiaren aurreko etapa baino handiagoa dela: batez beste, 4.500 abonatu izan ohi ziren 2019ra arte.
Generoari dagokionez, abonatuen kopurua nahiko parekatuta dago gizonen eta emakumeen artean; 2.237 emakumeak dira (% 47,86) eta 2.437 gizonak (% 52,14).
Elgoibarko bizilagunen % 41 abonatua da, kontuan izanik Elgoibarrek 11.480 biztanle dituela 2023an. "Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko abonatuak % 31 dira 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietan.
Kirol-instalazioen erabilera ere oso handia da, eta herritarrek gehien erabiltzen dituztenak Olaizaga Kiroldegia, Mintxeta eta IMH kiroldegia dira", azaldu dute Kirol Patronatutik.

 • Ikasturte berria irailaren 1ean hasiko da
2023-24 ikasturtea irailaren 1ean hasiko dute. Egun horretan aretoko jarduerak hasiko dira: Elgoibar Sasoian, Zumba, aerobic, spinning, CrossFit, TRX, K-stretch, kick boxing, pilates, yoga...
Uretako jarduerak, berriz, irailaren 11n hasiko dira: igeriketa eskola, igeriketa ikastaroak, haur txikien igeriketa ikastaroak, igeriketa egokitua, etab. Talde bakoitzaren ordutegia posta elektronikoz jakinarazi zaie ikasleei.
Edozein ikastarotan izena eman nahi dutenek jarduera bakoitzaren eta ordutegien berri jaso dezakete Olaizaga Kiroldegiko harreran.