Alvaro Gimenez laugarren postuan sailkatu da gazte mailako Munduko Trial Txapelketan

Barren.eus 2023ko uzt. 17a, 16:09

16 urtez azpiko munduko trialsin gidari onenak batu dira asteburuan Arabako Durana herrian, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak antolatutako UCI Trials World Youth Games txapelketan parte hartzeko, eta horien artean izan da Alvaro Gimenez Velez mendaroarra.

Hamabost herrialdetako 180 trialsin gidari lehiatu ziren Gasteiz iparraldean dagoen Durana herrian jokatu zuten gazte mailako Munduko Trial Txapelketan, dri kategoriatan. Minimes izeneko kategorian lehiatu zen Alvaro Gimenez (Mendaro, 2009), 13 eta 14 urtekoekin. Espainiako txapelketan lortu zuen munduko txapelketarako sailkapena, eta Espainiako selekzioarekin aritu zen.

Finalerdietako kanporaketa jokatu zuten lehenik, 30 lagunek bere adin tartean. Bost sekzio zituen ibilbideari bi itzuli eman ostean, puntuazio handiena lortu zuten hamabi lagunak sailkatu ziren finalerako. Gimenezek laugarren puntuaziorik onena lortu zuen (570 puntu). Finalean erakustaldia eman zuten Espainiako taldekoek, hiru kide sailkatu baitziren lehen hiru postuetan: Guillem Montoya kataluniarrak irabazi zuen proba, 590 puntu pilatuta, Gorka Merino arrasatearra sailkatu zen bigarren postuan (490 puntu), Britania Handiko Eddie Weightman sailkatu zen hirugarren (430 puntu) eta laugarren postua eskuratu zuen Gimenezek, 420 punturekin. (lehen hiru sailkatuen argazkia)
Egindako txapelketarekin pozik dagoela azaldu du Alvaroren aita Ibanek, maila handiko lehiakideak izan baititu. "Munduko txapelketa jokatzeko sailkatzea bera ere ez da erraza, Espainia potentzia bat baita kirol honetan, eta garesti daude Munduko txapelketarako txartelak", azaldu du. Duranan jokoan zeuden urrezko zazpi dominetatik sei irabazi ditu Espainiako selekzioak, eta horrez gain, zilarrezko lau domina eta brontzezko hiru. Alvarok, oraingoan, gorputza garatzen hasita dauden gazteak izan dituela aurkari nabarmendu du aitak. "Indar fisiko handiagoko lehiakideen parean aritzeko duen teknikaz baliatu behar izan du Alvarok, baina igartzen da azlarrago heltzen ari direnek indar handiagoa dutela", azaldu du. 

Alvaro Gimenez Munduko txapelduna izandakoa da, trialeko bizikleten munduko txapelketa irabazi baitzuen 2019an, 9 eta 10 urtekoen artean, Poloniako Wadowice hirian. 

Duranan jokatutako munduko txapelketako azken jardunaldia osorik honako bideoan ikus daiteke. Alvaro Gimenezen parte hartzeetako bat hemen

2023 07 15 alvaro gimenez trialsin munduko txap durana 1

2023 07 15 alvaro gimenez trialsin munduko txap durana zirkitua

2023 07 15 trial munduko txap durana UCI

2023 07 15 alvaro gimenez trialsin munduko txap lagunegaz

 

∞Lotura duten albisteak: