Gaizka Loiola txapeldunorde Espainiako Ezinduen Eski Txapelketan

Barren.eus 2016ko mar. 30a, 17:08

Gaizka Loiola elgoibartarra zilarrezko bi dominarekin itzuli da Sierra Nevadako eski estazioan jokatu den Espainiako Ezinduen Eski Txapelketatik.

Ezintasun fisiko bat dutenentzako mendiko eskiko Espainiako txapelketa jokatu zuten bitartean Sierra Nevadako eski estazioan, martxoaren 16tik 18ra. Gaizka Loiola 14 urteko eskiatzaile elgoibartarrak zilarrezko dominak eskuratu zituen 18 urtez azpiko mailan, slalomean eta erraldoian. Dani Gavalda gidariaren laguntza izan zuen oraingoan ere –sei eski denboraldi daramatzate elkarrekin- 

Eskiatzaile itsuak eta ikusmen urritasuna dutenak batzen dituen mailan hiru kategoria daude: itsuei dagokion B1 kategoria, eta ikusmen urritasuna dutenentzako B2 eta B3 kategoriak. Gaizka Loiola, txapelketako eskiatzaile gazteena izateaz gainera, itsu bakarra zen. Hortaz, aurkariek baino zailtasun handiagoak gainditu behar ditu. 

Slalom erraldoian hartu zuen parte lehenik. Abiadura eta trebezia uztartzen dituen proba izanik, ez da itsu batentzako probarik errazena, eta horrenbestez, gehiegi ez arriskatzea erabaki zuen. Gainera, bere proba kuttuna den erraldoirako indarrak gorde nahi zituen. Hala eta guztiz ere, bigarren postua eskuratu zuen.

Bigarren jardunaldian jokatu zuten erraldoia. Lehen txandako jaitsieran segundo batzuk galdu arazi zioten pare bat akats egin zituen, eta arriskatzera irten beste aukerarik ez zuen izan bigarren txandan. Gaizkaren aita Isaac Loiolaren esanetan “izugarrizko” jaitsiera egin zuen eta eskiatzaile guztiak kontutan hartuta ere hirugarren denborarik onena ezarri zuen. “Jon Santacana eskiatzaile donostiarrak eta Espainiako selekzioan dabilen beste eskiatzaile batek bakarrik egin zuten denbora hobea”, azaldu du. Bi txandetako denborak batuta bigarren postua eskuratu zuen Loiolak erraldoian ere. 

Denboraldi arraroa

Hainbat arrazoi medio, ohi baino lasterketa gutxiago antolatu dituzte aurtengo eski denboraldian eta hori dela-eta “arraroa” izan da denboraldia Isaac Loiolaren berbetan. Era berean, nabarmendu du Gaizkak eta Danik asko eta gustura eskiatu duten arren, lortutako emaitzek sentsazio gazi-gozoak laga dizkietela. “Oso ondo aritu da Gaizka lasterketa batzuetan, baina ez horren ondo beste batzuetan. Ikasketa prozesuaren parte da”. Alabaina, Sierra Nevadan eginiko azken jaitsiera “zoragarri” horrekin mamu asko uxatu zituela dio. “Animo aldetik indar handia eman zion jaitsiera hark eta eskiatzen jarraitzeko gogoarekin, eski gosez, amaitu du denboraldia. Joan den astean, Sierra Nevadatik itzuli ostean, esaterako, erraldoi proba bat irabazi zuen Baqueiran”. 

•Nazioartean lehiatzeko prestatzen

Hurrengo urtea berezia izango da Gaizkarentzat. 15 urte beteko ditu abenduan, eta, honenbestez, nazioarteko probetan parte hartzeko aukera izango du. Europan egiten diren lasterketetan parte hartzea gustatuko litzaioke, bere maila neurtzeko eta esperientzia berriak bizitzeko. Hasteko, Espainiako selekzioak Suitzan egingo dituen entrenamendu saioetan parte hartzeko asmoa dauka uda honetan. 

2016 03 30 gaizka loiola dani gavalda 2016 03 30 gaizka loiola dani gavalda v1